Zuhaitz landaketa egin dute Arrasateko Etxezarretan

Sara Lanz 2025ko mar. 24a, 15:04

Azken urteetan urtarrileko hirugarren zapatuan egin izan duten zuhaitz landaketa egin da asteburuan. Etxezarretako goialdean, Arrasateko Udalak Tellerixagainean zuhaitzak landatzeko prestatu duen eremuan, hamabost familia batu dira.

Egun euritsua izan zen arren, zuhaitzak landatzeko tarte bat izan zuten gerturatutako familiek. Landa Inguruneko teknikariak, Pello Garaik, emandako azalpenak jarraituz ekin zioten zuhaitz landaketari. Haritzaren eremua errespetatuz, haritzak landatu dituzte bereziki. Hala ere, beste hostozabal batzuk ere jarri dituzte. "Batez ere haritzak landatuko ditugu. Baina, haritzekin batera basoan egoten diren beste hostozabal batzuk baita ere: gaztainondoak, urkiak, lizarrak eta abar" esan du, Landa Inguruneko teknikariak.

Aurreko urtean eremu berdina landatu zuten, emaitza hobetzeko asmoarekin heldu diote berriro ere eremu berari. Lursailak dituen ezaugarriak direla eta, batzuetan landareak ondo egokitzeko zailtasunak sortzen dituela azaldu du Garaik:  "Ez da oso inguru naturala. Tuneleko betegarri baten gainean sortutako zelaigune bat da. Nahiz eta lur geruza on bat egon gainean, batzuetan landareak ondo egokitzeko zailtasunak sortzen dira. Aurten aukeratu ditugun landareak onak dira, lur dezente eta zuztar egokiarekin etorri dira". Beraz, aurtengoan asmatu dutela uste duela gaineratu du Garaik, esperantzatsu.

Eremuak berreskuratzen

Arrasateko Udala eremu batzuk berreskuratzeko ahaleginak egiten ari da. 2019. urtean erosi zituen lursail horiek, lehen zatirik handiena pinudia izandakoa, eta auzolanei esker, 2,2 hektareako eremua birlandatzea lortu dute. Hostozabalei lekua egiteko helburuarekin, herri lurretan naturari bere lana egiten utzi nahi diotela azpimarratu du Garaik: "Adibidez, Etxezarreta parkea, 80 hektareako zelai bat da. Hemen pinudia bota zenetik, leku zehatz batzuetan zuhaitzak landatu ditugu. Baina, gainerako eremuan naturari bere lana egiten utzi diogu, bertako hostozabalak indatsu eta gogoz datozela ohartu gara".

Basoen onurak

Beste baso batzuetan ere antzeko irizpideak jarraitu dituzte, basoen ekosistemaren baloreak zaintzeko. Basoak etekin ekonomikotik haratago doazen eta "mesedegarriak" diren funtzioak dituztela dio Garaik, basoak ematen dituen onura anitzak ikusita "etorkizuneko Arrasaten bertako hostozabalak dituzten parteak sortzeko helburua dugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak