Hirigintza Antolamenduaren Plan Orokorra (HAPO) berritzen ari da Arrasateko Udal Gobernua eta, bide horretan, hainbat aldagai definitu behar ditu aurrez. "Mugikortasun Planarekin abiatu genuen lana, eta Arrasateko berdeguneen presentzia definitu behar dugu orain. Horretarako, herritarren ideiak, nahiak eta beharrak ezagutu nahi ditugu, auzoz auzo dauden beharrak identifikatzeko", adierazi du Garazi Etxeberriak, Hirigintza, Trantsizio Ekologiko eta Mugikortasuna Saileko zinegotziak.
Haren hitzetan, plan berritzailea izango da eta klima-aldaketari aurre egitea du helburu. "Hain zuzen, azpiegitura berdeak aztertzeaz gain, klima eta energia ere barnebilduko ditu, eta lehena da hiru aldagaiak bateratzen dituena Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Honek aukera emango digu esku- hartze integral bat proposatu ahal izateko" adierazi du.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Naturklima fundazioak udazkenean aurkeztutako txostenak hiri-eremu ahulenen artean kokatu zuen Arrasate, "tenperaturak gora egin duen eremu zaurgarri bezala". Horren arrazoiak ere jasotzen ditu txostenak, besteak beste, hiri-dentsitatea, berdeguneen eskasia eta artifizial bilakatutako lurzoru kopuru handia. "Horiek beroaren inpaktua areagotzen dute eta horrek ezinbestean azalerazten du beharrezkoa dugula hirigintza eredu berri bat, jasangarriagoa eta etorkizuneko erronkei erantzungo diena".
Prozesuak hiru zati izango ditu
Etxeberriak azaldu duenez, lehenik, Arrasateko egungo egoeraren diagnostikoa egiteko faseari ekingo diote; bigarrenik, jarduketa-proposamen zehatzak egiteko fasea etorriko da eta, azkenik, ekintza-plana idazteko fasea. "Herritarrek lehenengo bi faseetan egin ahal izango dituzte ekarpenak eta hirugarren eta azken fasean, aurreko bi faseetatik eratorritako proposamenak jaso, aztertu eta txertatuko dira".
Lehen faseari dagokionez, galdetegi digital bat egongo da martxoaren 1etik 31ra udal webgunean eta, era berean, auzoz auzoko saioak egingo dituzte. Erdialdeko bizilagunentzako bilera martxoaren 11n izango da, 18:30ean, Kulturateko Jokin Zaitegi gelan; Musakolako eta Santa Marinako bizilagunek martxoaren 17an izango dute aukera, 18:30ean, Musakolako erretiratuen etxean; San Andresko bizilagunei zuzendutako saioa martxoaren 18an egingo dute, 18:30ean, Etxaluzeko Axeri gelan; Uribarri-Erguineko bilera martxoaren 24an izango da, 18:30ean, erretiratuen etxean (Usaetxe); azkenik, landa-auzoetako bizilagunei zuzendutako saioa martxoaren 25ean egingo dute, 18:30ean, Kulturateko Jokin Zaitegi gelan.
Halaber, bestelako eragileekin ere egingo dituzte bilerak. Haurren Kontseiluarekin egingo dutena martxoaren 14an izango da, 11:00etan, eta Hirigintza Aholku Kontseiluarekin, berriz, martxoaren 10ean, 18:30ean. Azkenik, udal langileekin saio berezia egingo dute, zeharkakotasuna bermatzeko.
Bigarren fasea maiatzean hasiko dute, "proposamen zehatzak" jasotzeko helburuarekin, eta hor ere auzoz auzoko bilerak egingo dituzte: Haurren Kontseiluarekin, udaletxean, maiatzaren 7an, 11:30ean; udal langileekin, maiatzaren 13an, 11:00etan; Hirigintza Kontseiluarekin, maiatzaren 13an, Kulturateko Loramendi gelan, 18:30ean; erdialdeko bizilagunekin, maiatzaren 14an, 18:30ean, Loramendi gelan; San Andreskoekin, maiatzaren 20an, Etxaluzeko Axeri gelan, 18:30ean; Musakolako eta Santa Marinako bizilagunekin, maiatzaren 21ean, Toki Argin, 18:30ean; landa-auzoetako bizilagunekin, maiatzaren 27an, Loramendi gelan, 18:30ean; eta Uribarri-Erguingoekin, maiatzaren 28an, hango erretiratuen etxean, 18:30ean.
Bost aldagai nagusiren azterketa
Arrasate "berdeztatzeko" bidean, bost aldagai aztertuko dituzte, "diagnosi osatu bat" egin ahal izateko. Batetik, zuhaitzak. "Arrasateko kaleetan dauden zuhaitz kopurua eta horien kalitatea aztertuko ditugu. Herritarrek aukera izango dute adierazteko zuhaitz gehiago edo gutxiago diren beharrezkoak".
Bestetik, Arrasaten dauden parke, lorategi eta zelaien azterketa egingo dute. "Horiek nolakoak diren eta nolakoak izan beharko luketen adierazi beharko dute herritarren beraien iritziekin", dio Etxeberriak.
Gune "grisak" ere aztertuko dituzte, Herriko Plaza, espaloiak eta aparkalekuak, besteak beste. Gaur egungo egoera zer nolakoa den eta, agertoki ezberdinak aztertuz, egokienaren inguruko iritzi bat eman beharko dute herritarrek atal horretan.
Era berean, Arrasateko etxebizitzak, jarduera ekonomikoak, eraikin publikoak eta beste ekipamendu batzuk aztertuko dituzte ikuspegi berde batetik, "hau da, horien estalki edo fatxadak zein neurritan dauden berdeztatuak".
Azkenik, ibaiak aztertuko dituzte. Izan ere, bi ibaik zeharkatzen dute Arrasate eta, zatiaren arabera, modalitate ezberdinak ditu. "Horiek aztertu eta esku-hartzeak egin behar diren iritzi beharko da".
EAJk ere Arrasate berdeago bat gura du
EAJ-PNVk, bestalde, Arrasate Berdea plana aurkeztu du, "Arrasate bizigarriago eta erresilienteago bilakatzeko konpromisoarekin". Batetik, hiriko basoberritze plana sortzea proposatu dute, "kale eta plazetan zuhaitz-sarea handitzeko, klima-aldaketarekiko erresistenteak diren espezie autoktonoak erabiliz".
Horrez gain, hainbat berdegune garatzea ere planteatu dute, belaunaldiarteko guneekin, kirol-eremuekin eta biodibertsitatea sustatuko duten lorategiekin. "Ibaiaren eta bere ertzen birgaitze ekologikoa ere lehentasuna izango da biodibertsitatea hobetzeko eta uholde-arriskua murrizteko", azaldu du Garayk.
Bestetik, eraginkortasun energetikoaren aldeko apustua "funtsezkoa" da EAJrentzat, azaldu dutenez, ingurumen-inpaktua murrizteko eta energia berriztagarrien erabilera sustatzeko. Horregatik, eraikin publikoen modernizazio plana ezartzea proposatzen dute, eguzki-plakak eta geotermia bezalako sistemekin, baita etxebizitzen eta enpresen birgaitze energetikorako dirulaguntzak eskaintzea ere. "Helburu moduan jarriko genuke 2027rako udal eraikin guztietan energia berriztagarrien erabilera ehuneko handi batekoa izatea".
Hori guztia, edozelan ere, herritarren parte-hartzearekin egin gura dute jeltzaleek ere eta, hain zuzen, Udal Gobernuak aurkeztutako prozesuarekin bat datoz.