ALBISTEAK

Txorimalo eta kukumarru, nobedadeak Arrasateko Aratusteetarako

Jokin Bereziartua Lizarazu 2025ko ots. 5a, 20:10

Arrasateko Aratusteak aurkeztu dituzte gaur Olarte kaleko arrandegian, 2025eko sariak bertan daude-eta ikusgai. Aurten bi nobedade nagusi ditu egitarauak: otsailaren 28an txorimaloak eta kukumarruak irtengo direla kalejiran eta martxoaren 1ean, Haur eta Guraso Asanbladaren eskutik, mozorro paella herrikoia egongo dela Kulturolako pasabidean. Aurtengo kartelaren egilea, Izaro Sanchez aretxabaletarra.

Aratusteen berri emateko agerraldia egin dute asteon Olarte kaleko arrandegian, aurtengo sariak bertan ikusgai daudela baliatuta. Hasteko eta behin, kalera mozorrotuta eta karrozekin irteteko dei egin zuen Aratusteetako jai batzordeko Iñaki Gurrutxaga Harristi-k: "Ea iazkoa baino giro beroagoa dagoen kalean. Animatu!". Martxoaren 1a izango da egun handia; iazko kuadrilla irabazle izan zen Sanbamañak irakurriko du pregoia, eta ondoren hasiko da desfile koloretsua; bost sariak desfile ostean banatuko dituzte.

Txorimaloak eta kukumarruak

Herriko kultura eragileen ekimenez, lehen aldiz antolatu dituzte Euskal Herriko Inauteriei eutsi dieten herrietako Inauterietan oinarrituta. Musikariak, dantzariak eta kukumarruak –Arrasaten mozorroei deitzeko erabiltzen zen izena– izango dira protagonistak. Lehen urte honetarako, gainera, dantzariek eta txistulariek propio otsailaren 28rako sortutako kalejira bat antzeztuko dute. Alegia, sorpresa bereziak datoz aurten. "Iaz hasi ginen ideiarekin eta aurten gauzatuko dugu. Herrikoia izango da, jende askok hartuko du parte; ea zein erreakzio eragiten duen", dio Iñaki Barrutiak.

Paella herrikoirako txartelak

Gainera, Haur eta Guraso Asanbladak mozorro paella herrikoia antolatu du, Kulturolako pasabidean, goizeko giro beroa ahalik eta gehien luzatzeko. Gaur jarri dituzte txartelak salgai, Irati tabernan –hiru txartel mota daude–, eta 200 lagunendako lekua egongo da. Bazkalostea girotzeko, DJ Goiko gonbidatu dute. Kartela Izaro Sanchez aretxabaletarrak egin du; Zein ote? izena jarri dio lanari.

Jarraian, aurtengo egitaraua: 

OTSAILAK 28, EGUBAKOITZA

18:30 Arrasate Musikalen ikasleen inauteriko kontzertua Amaia antzokian.

19:00 Arrasateko herri karnabalak: TXORIMALO ETA KUKUMARRUAK

Arrasateko herri karnabalak txorimaloek (musikariak eta dantzariak) eta kukumarruek (mozorroak) osatzen dituzte. Karnabalen tradizioan oinarrituta, Arrasateko herri karnabalak sortu dira. Karnabal ostiralean aterako dira kalera, iluntzean: 19:00etan irtengo dira eta 21:00etan amaituko dute Herriko Plazan.

MARTXOAK 1, ZAPATUA

12:00 PREGOIA Biteri plazan etxafuegoen jaurtiketarekin. Ondoren DESFILEA Arrasate Musikaleko txarangak lagunduta.

13:00 MOZORRO LEHIAKETAREN SARI BANAKETA Herriko plazan. Sariak:

1. Kuadrilla  onena                                        Urdaiazpikoa+plaka+1.000€

2. Karroza onena                                           Urdaiazpikoa+plaka+500€

3. Kuadrilla gazte onena                             Urdaiazpikoa+plaka+300€

4. Taberna onena                                           Urdaiazpikoa+plaka+300€

5 Bakarkako onena                                      Garaikurra+Gazta+150€

Mozorro lehiaketan parte hartuko dute desfilean partaide direnak. Epaimahaia izango da aurreko urtean kuadrilla onenaren saria jaso zuen taldea.

Lehiaketan parte hartu nahi duten tabernek izena eman beharko dute BAZen edo udalaren webgunean otsailak 25era arte.

14:30 Mozorro paella herrikoia Kulturolako pasabidean, Haur eta Guraso Asanbladak antolatua. Bazkal ostean dantzaldia Udalaren eskutik, Dj Goikorekin." Tiketak Iratin salgai.

18:30 Kaleetan zehar ANIMAZIOA Arrasate Musikaleko txarangarekin.

19:30 eta 22:30 Herriko Plazan, BIDE BATEZ taldearekin DANTZALDIA.

MARTXOAK 2, DOMEKA

19:30 KAMIKAZ kolektiboaren “RENATA” ANTZEZLANA Amaia antzokian.

MARTXOAK 4, MARTITZENA

17:00 DISKO FESTA Biteri plazan Txatxilipurdirekin.

17:00 Amaia antzokian TXINTXETA, KLIPA eta TXORROSKILO pailazoak “TXANPON BATEN TRUKE” ikuskizunarekin.

17:30 SAMASIKU Txarangaren animazioa herriko kaleetan zehar.

18:30 Arrasateko Erraldoien eta Kilikien konpartsaren KALEJIRA.

19:30 Herriko Plazan, NEMUX taldearekin DISKOFESTA.

21:00 SARDINAren HILETA. Segizioak Kulturolatik 20:30etan abiatuta eta erdialdeko kaleak ibili ondoren, Herriko Plazan bukatuko du desfilea, sardina bertan erretzeko.

Jarraian Herriko Plazan, NEMUX taldearekin DISKOFESTA.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak