Mozorro paella, Arrasateko Haur eta Guraso Asanbladak antolatuta

Eneko Azurmendi Barrena 2025ko ots. 3a, 09:21

Martxoaren 1ean, zapatua, egingo dute mozorro paella herrikoia, eta otsailaren 7an jarriko dituzte salgai horretarako tiketak, Irati tabernan. Kulturolako aterpean egingo dute eta gehienez ere 200 pertsonarendako lekua egongo da.

Arrasateko Haur eta Guraso Asanbladak antolatuta, mozorro paella herrikoia egingo dute martxoaren 1ean, zapatua, Kulturolako aterpean. "Udalarekin lankidetzan eta goizeko desfilea amaitzen denetik arratsaldeko jai-giroa hasi artean egon izan den 'hutsunea' betetze aldera, 14:30etik 18:00etara mozorro paella herrikoia antolatu dugu", azaldu dute.

I Love Paella enpresak egunean eta lekuan bertan egingo du paella, baita zerbitzatu ere. Paellaren ondoren, euskal pastela jango dute postre modura. "Edariak norberak eraman beharko ditu. Antolakuntzak ur botilak jarriko ditu eta ondoko iturrian bete ahal izango dira", gaineratu dute.

Hiru tiket mota

Tiketak Irati tabernan jarriko dituzte salgai otsailaren 7an. "Tiketak erostean, izen-emate zerrenda batean jasoko dugu talde bakoitzeko lagun kopurua, arduradun bat eta telefono zenbaki bat. Azken orduko oharrak ere emango ditugu, taldekatzeak erraztu eta mahaietan hutsuneak saiheste aldera".

Hiru tiket mota erosi ahal izango dira: batetik, bazkari osoa, paella platera eta euskal pastela jateko, 14 euroko prezioarekin; bestetik, bazkari erdi, paella plater erdi eta euskal pastela, zazpi euroren truke; azkenik, norberak bere janaria eramanez gero, euro bat ordaindu beharko da.

Azkenik, nabarmendu dute haiek antolatu eta prestatuko dutela jantokia, baina "ezinbestekoa" izango dela parte-hartzaile guztien prestutasuna amaieran jantokia batu eta gunea txukun eta garbi uzteko. Halaber, zera adierazi dute: "Musika eta jai-giroa ez dira faltako DJ Goikoren eskutik, beraz, familian edo kuadrillan, haur, heldu, zahar zein gazte, anima zaitezte!".

Asanblada, bere bidea egiten

2022an sortu zutenetik, Arrasateko Haur eta Guraso Asanbladan herrira begirako ekarpen eraikitzaile eta parte-hartzaileak abiarazteko borondatea izan dutela adierazi dute, "betiere haur eta gurasoen aisialdiaren ikuspegitik, baina herriaren hobekuntzan eragiteko asmoz". Hala, hainbat ekimen izan dituzte orain arte, Txikitxokoaren beharra aldarrikatzetik, herriko jolas-parkeen birpentsatze-proposamenak egitera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak