Ia 500 erretiratuk hartu dute parte Arrasaten egin den Gipuzkoako Adinekoen Martxan

Idoia Aranbarri Arzuaga 2024ko urr. 21a, 15:01

Gipuzkoako adinekoen zentroetatik etorritako 500 bat kide batu ziren zapatuan Arrasaten egin zen Gipuzkoako Adinekoen Martxaren 33. edizioan. Gipuzkoako bederatzi bailaratako erretiratu eta pentsiodunak elkartu ziren denera zazpi kilometroko ibilbidea egin eta ondoren, Musakolako kiroldegian bazkaltzeko.

10:30 alderako elkartu ziren ia 500 jubilatu zazpi kilometroko ibilaldia hasteko.Ongietorri instituzionala egin zieten plazan 11:00etan eta bertan izan ziren, besteak beste, Gipuzkoako Erretiratu eta pentsionisten elkarteko presidente Felix Elkoroiribe, Arrasateko alkate Maider Morras eta udaleko ordezkariak nahiz Gipuzkoako Foru Aldundiko Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatu Maite Peña. Ekitaldi hura probestu zuten Arrasateko Abaroa elkarteko nahiz Gipuzkoako Erretiratuen eta Pentsiodunen Federazioko presidente-ohi Jose Riviereri omenaldia egiteko.

Helburuak beteta

Egunaren balorazio positiboa egin dute antolatzaileek. "Oso-oso gustura. Antolakuntza Arrasateren aldetik ere on-ona izan da. Oso gustura nago presidente modura", zihoen Gipuzkoako Erretiratu eta pentsionisten elkarteko presidente Felix Elkoroiribek martxaren ostean.

Elkoroiribek adierazi du "sinetsi, sortu eta hazi" direla elkartearen helburuak eta sortzen duten hori sinestea eta hortik hazi nahi izan dutela. Helburu horiek aldarrikatzeko egin zuten martxa Arrasaten.

Arrasaten izatearen garrantzia

2006an egin zen azkenengoz honako martxa Arrasaten eta baina aurtengo ediziorako ibilbidea aldatu dute. Plazan hasita, garbigune aldera joan ziren eta handik Monterronera, ondoren, Biterik atsedena hartzeko. Handik Musakolako kiroldegira hartu zuten bertan bazkaltzeko. Arrasateko Udala nahiz herriko erretiratuak gustura agertu dira ekitaldia Arrasaten izatearekin.

"Ez genuen espero. Iaz esan zigutenean poza hartu genuen, eta antolaketa bikaina egin dugu denon artean. Gure jubilatuei esker oso ondo atera da dena eta oso pozik", azaldu zuen Arrasateko alkate Maider Morrasek.

"Urtean behin egiten da herri bakoitzean eta herri bakoitza saiatzen da bere herrira murgiltzen jendea eta erakusten. Hori uste dut dela garrantzitsuena. Ondo pasatzea ere bai. Jubilatuak gara, eta egun pozgarria izaten da", azpimarratu zuen Musakolako jubilatuen eta pentsiodunen lehendakari Fernando San Miguelek.

34. edizioa burua

33. edizioa eginda, 34. prestatzeko asmoa badute, baina herria aukeratu gabe dago oraindik. Elkoroiribe presidenteak Zerain, Mutiloa eta Segura lotzea nahiko luke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak