Udal Gobernuak 2025eko ordenantza fiskaletarako egindako proposamenak aurrera egin du udalbatzan, nahiz eta EAJ abstenitu egin den eta sozialistek kontra bozkatu duten. Joseba Ezpeleta Ogasun zinegotziak hartu du hitza lehenik, haien proposamena argudiatzeko. "Oposizioekin negoziatu osteko testua da hona ekarri duguna. Zabor tasak %38ko igoera izango du, legeak hala behartuta, eta, beraz, familiei zuzenean eragiten dien tributuetan ez da igoerarik egongo. Gainontzekoetan, %3koa, KPIaren araberakoa. Aipatzekoa da, era berean, Foru Funtsetik %4 inguru gutxiago jasotzea aurreikusten dugula, hasieran aurreikusitakoa baino milioi bat euro gutxiago. Horrekin batera, azpimarratu gurako nuke Urkulutik erosten dugun uraren prezioa %12 igotzea nahi digutela. Beraz, partzuergoarekin negoziatzen saiatuko gara, igoera baxuagoa izateko". Gaineratu du ordenantza horiekin epe ertaineko erronkei erantzun ahal izatea dela helburua.
Eva Abuin Elkarrekin Arrasateko zinegotzi eta gobernukideak bat egin du irakurketarekin eta Ander Garay jeltzalea izan da berba hartzen hurrena. "Gobernuaren aldetik ibilbide aldaketa bat ikusi dugu, adostasunetara iritsi ahal izan gara eta hori ontzat hartzen dugu. Agintaldia igoerekin hasi genuen eta hasieratik defendatu izan dugu zergak izoztea, Udalaren egoera ekonomiko ona kontuan hartuz. Hala, gure proposamena lau ardatzetan banatzen da: zerga eta tasa igoera orokorrik ez aplikatzea; trantsizio energetikoari lotutako bi hobari ezartzea, alokairuko etxebizitzako pizgarri fiskala ezartzea eta guraso bakarreko familientzako tarifa berezia aplikatzea kiroldegian".
Azkenik, Johanna Sanchez sozialistak zera esan du: "Ez da beharrezkoa zergak igotzea. Zergak izoztea eskatzen dugu eta dirulaguntzak ezartzea alokairuko etxebizitzendako".
17 Emakume kalea izango da aurrerantzean
Bestalde, Zuztarrak Errotuz taldeak abenduko osoko bilkuran aurkeztutako mozioa onartu ostean, behin betiko onarpena eman dio udalbatzak Alfontso VIII kaleari izena aldatu eta 17 Emakume kalea izena ezartzeari.
Jeltzaleak abstenitu egin dira puntu horretan. "Ados gaude proposamenarekin, baina izen aldaketen gaineko lanketa osatu bat egin beharko litzatekeela uste dugu, aldaketa solteak egin beharrean", dio Garayk.
Sozialistek aldeko botoa eman dute, baina Sanchezek ñabardura bat egin du. "Izen aldaketaren alde gaude baina egindako lanari jarraipena eman behar zaio, osoko bilkurako koadroak emakumezkoenak izateko, esaterako". Abuinek zera erantzun dio: "Zuek Gobernuan zeundetenean Arizmendiarrieta plaza eta Juan Arzamendi Musika Etxea izenak jarri zenituzten, biak gizonen izenak. Harrigarria da orain hori esatea".
Kargu-hartzeak eta kargu-uzteak
Era berean, EH Bilduko Eñaut Arriaranek zinegotzi kargua hartu du urriko osoko bilkuran, Asier Murguzurrek uko egin ostean. Halaber, Pepa Gorosabel jeltzaleak ere uko egin dio karguari, baita zerrendan hurrengoa zen Jon Berezibarrek ere, jeltzaleek baieztatu dutenez. Beraz, zehazteke dago nork beteko duen hutsune hori udalbatzan.