Zabor tasa %38 igoko du Udal Gobernuak, legeak hala behartuta

Eneko Azurmendi Barrena 2024ko ira. 26a, 10:56

Urriaren 1ean, martitzena, egingo duten osoko bilkuran onartuko dituzte, ondo bidean, 2025eko ordenantza fiskalak. Ondasun Higiezinen Zerga, uraren tasak, ibilgailuen gaineko zergak edota TAO bere horretan mantendu nahi ditu Udal Gobernuak. EAJk, bestalde, "pizgarri gehiago eta karga gutxiago izango dituen zerga-politikaren alde" egin du.

Zerga edota tasaren eragite esparruaren araberako moldaketak proposatu ditu Udal Gobernuak. "Izan ere, zaborraren igoera legez herri guztiei dagokigun araua da. Bestetik, azken honen igoeraren aurrean, familiei zuzenean eragiten dien beste zerga batzuk ez igotzea proposatu dugu", azaldu du Joseba Ezpeletak, Ogasun zinegotziak.

Legeak hala behartuta, udalerri guztiek zabor bilketaren zerbitzua ezin izango da defizitarioa izan. "Honek, zergaren igoera esanguratsuak ekarri ditu udalerri askotan. Besteak beste, Gasteizen %85eko igoera izango da, Lasarten %40ko igoera eta Donostian %26ko igoera". Arrasateren kasuan, gaur-gaurkoz zerbitzu defizitarioa denez, %38ko igoera ezartzera behartuta dago Udala.

Zerga eta tasa asko, mantendu

Igoera hori arintzeko asmoz, Udal Gobernuak ez ditu familiei zuzenean eragiten dieten tributuak igoko, hala nolako, honako hauek: Ondasun Higiezinen Zergak, etxearen jabetzagatik ordaintzen den zerga, uraren tasak, ibilgailuen gaineko zergak edota TAOren tasak.

Gainerakoetan, %3ko igoera

Aurten egindako KPIren aurreikuspena %3koa da, beraz, bestelako tributuetan %3ko igoera ezarriko du Gobernuak. Horietako batzuk irabazien kasuan ezarriko ditu, esaterako, hiri-lurren gehitzearen gaineko zerga, plusbalioa deritzona, edota Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga. Kiroldegiaren abonuan, bestalde, hobariak mantentzeaz gain, %25eko hobari berria izango da guraso bakarreko familientzat. "Hala ere, kiroldegi zerbitzuaren defizita azken urtean %69ra arte igo da, eta egoera hau kudeatu ezina bilakatzeko arriskuan dago". Hori dela eta, "zerbitzuen kalitatea bermatzeko egiten den gutxieneko igoera" da %3koa.

Kiroldegian, halaber, hobarien kudeaketa sisteman berrikuntzak izango dira. "Orain arte, eskatzaileek tributuen ordainketa osoa egin behar zuten, ondoren, Udalak dirua itzultzeko. Aurrerantzean eskatzaileek ez dute tributuaren ordainketa osorik egin beharko, eta behin hobaria onartuta, deskontuarekin kobratuko zaie".

EAJ, zergak eta tasak izoztearen alde

Jeltzaleek, bestalde, udal tasak izoztea proposatu dute, zabor bilketaren tasa izan ezik. "Udal Gobernuak hamahiru milioi euroko urteroko superabita du, eta horri gehitu beharko zaizkio hondakinen bilketaren tasa igotzearekin espero diren 700.000 euro inguru. Udalak egoera ekonomiko onean dago eta ez da beharrezkoa arrasatearrei zergak handitzea".

Era berean, "gizarte jasangarriagoa eta bidezkoagoa sustatuko duten pizgarrien alde" egiten dutela ere adierazi dute. Hala, hainbat proposamen egin dituzte: ibilgailu elektrikoentzako kargagailuak instalatzen dituzten banakako garajeentzat %50eko hobaria eta bizigune programan sartuta dauden etxebizitzentzat %99ko hobaria Ondare Higiezinen Zergan; banakako garajeetan ibilgailu elektrikoentzako karga puntuak instalatzen dituzten obrentzat %95eko hobaria; guraso bakarreko familientzako tarifa berezia kiroldegian; eta kirol azpiegituretan kultur ekimenetarako tasetan hobariak.

Udal Gobernuarekiko negoziazioen baitan, elkarrizketa mahai bat sortzea eskatu dute jeltzaleek, "etorkizuneko udal tasak modu bateratu eta adostuan ezartzeko". Udal Gobernuak erantzun du EAJren proposamen batzuk aplikaezinak zirela eta beste guztiak onartu dituztela, bat izan ezik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak