Iratxe Salaberria: "Hunkigarria da ikustea eraikin berria itxura hartzen doala"

Eneko Azurmendi Barrena 2024ko ira. 25a, 14:35

Eraikin berria izango du Arrasate Herri Eskolak Musakolan eta horretarako lanak epeak betetzen ari dira, Iratxe Salaberria eskolako zuzendariak azaldu duenez. "Eraikin berriaren beheko zatia dagoeneko eginda dago eta badoa altura irabazten. Hunkigarria da ikustea nola ari den itxura hartzen".

Tecsa enpresari esleitu zitzaion obra, bost milioi inguruko aurrekontuarekin, eta 2023ko abenduaren 4an hasi zituzten lanak. Hala, aurreikuspena da datorren maiatzerako bukatzea, 2025-2026 ikasturterako prest egon dadin. "Edozelan ere, atzerapen batzuk izan daitezke eta lan batzuk, nahi eta nahi ez, 2025eko udan egin beharrekoak dira. Izan ere, eraikin zaharrean jangela kendu behar dute, psikomotrizitate gela egiteko eta jangela ezin da kendu umeek ikasturtea bukatu arte. Beraz, eraikin berria bukatuta egon arren, horrek era baldintzatuko du obra bukaera", nabarmendu du Salaberriak.

Eraikin berriko lanek gaur goizean eta arratsaldean zuten itxura.

Halabeharrez, ikasleak eraikin zaharrean ari dira gauzatzen 2024-2025 ikasturtea eta, beraz, eraikinaren inguru guztia hesituta dute, segurtasunagatik. Dagoeneko, gainera, hainbat aldaketa egin dituzte eraikin horretan. Esaterako, eskailera berriak jarri dituzte kanpoan, obra bukatzean larrialdietako eskailerak izango direnak, eta eraikinera hortik sartzen dira haurrak. Era berean, komunak ere lekuz aldatu dituzte, "espazio berriak sortuz" eta, beraz, lehen eskailerak zeuden lekuan daude orain komunak. "Behin-behinekotasun honetan, nolabaiteko sistema berezi bat daukagu umeen sartu-irtenak egiteko, baina dagoeneko ohitu zaizkigu familiak". 

Horrekin batera, obren ondorioz patioko estalperik ez dagoenez, karpa bat jarri dute behin-behinean, euria egiten duenean haurrek kanpoko espazioaz gozatu ahal izateko. "Familiak segituan konturatu ziren euria egiten zuen bakoitzean umeak ezin izango zirela kanpora irten eta ordu asko dira barruan egoteko. Gainera, barruko espazioak ez dira oso handiak hainbeste umerendako. Beraz, eskaera egin genuen eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak jarri zizkigun bi karpak". 

Espazio falta Musakolan zein Erguinen

Hain zuzen, espazio falta da Musakolako eraikina handitzearen arrazoi nagusietako bat eta, beraz, obrak bukatu bitartean nahiko estu ibiliko direla aitortu du zuzendariak. "Une hauetan, Musakolan baditugu pare bat gela tutore bikoitzarekin, ratioa 20 ikaslera jaitsi zutelako eta kopuru hori gainditzen dugulako gela batzuetan", dio.

Erguinen, ostera, barrakoi bat jarriko dute, aurten ere ikasle kopuruak gora egin duelako. "Gaur-gaurkoz, adibidez, seigarren mailan 100 ikasle ditugu eta ez gara kabitzen. Iaz barrakoi bat eskatu genion Hezkuntza Sailari eta laster heltzea espero dugu. Bitartean, laugarren mailako ikasle talde bat psikomotrizitate gelan sartuta dago eta ezin dugu psikomotrizitate klaserik eman. Beraz, ahal dugun moduan ari gara moldatzen, pazientziarekin eta umorea galdu barik". 

Lanak bukatzean, eraikin zaharrak eta berriak bat egingo dute eta ikasleek bertan egin ahal izango dute Haur Hezkuntzatik Lehen Hezkuntzara arteko zikloa, ondoren Musakolako institutura joateko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak