Ruizek azaldu duenez, lehenik, bi hilabetez egon behar da argitaratuta eraikin berriaren proiektua eta ondoren, aurkeztutako enpresen proiektuak ebaluatu eta puntuatu egin beharko ditu Jaurlaritzak. "Puntuazio altuena duenari esleituko zaio proiektua eta bigarrenarekiko tartea txikia izan ezkero, alegazio epea zabalduko litzateke eta horrek ere epea luzatuko luke. Alegaziorik ez badago, kontratazioa egingo da", adierazi du Iratxe Salaberriak, Arrasate Herri Eskolako zuzendariak. "Kontratua sinatzeko epea, guztia ondo badoa, sei hilabetekoa izango dela esan ziguten", gaineratu du.
Beraz, behin obrak hasita 18 hilabeteko epea aurreikusten dutela kontuan hartuta, prozesu guztiak bi urte inguru beharko ditu. "Hala, gauzak ondo, 2025-2026 ikasturte hasierarako egongo litzateke prest", dio Salaberriak. "Galdetzen joango gara eta gainean egongo gara. Halaber, Udaletik ere agindu digute gainean egongo direla eta eskertzekoa da hori ere". Horren harira, Ruizek gaineratu du Musakolako proiektuari lehentasuna eman diotela.
Honako hauek egon ziren bileran: Eusko Jaurlaritzako Azpiegitura, Baliabide eta Teknologia zuzendari Alfredo Ruiz; Maria Ubarretxena alkatea, Edurne Unamuno Hezkuntza zinegotzia, Aintzane Lasa Hezkuntza eta Euskara teknikaria, Arrasate Herri Eskolako guraso komunitateko hainbat ordezkari, Iratxe Salaberria Arrasate Herri Eskolako zuzendaria eta Naiara Salamanca ikasketa-burua.