Hezkuntza Sailak 5.731.067,15 euro jarriko ditu Arrasate Herri Eskolako Musakola gunean eraikin berri bat egiteko, 5 eta 12 urte arteko ikasleentzat –egun, Erguinen daude–. Azaldu dutenez, 3.552 metro karratuko azalera izango du eraikin berriak, lau solairutan banatuta, eta egungo eraikinaren jarraipen gisa planteatzen dute, "komunikaziorako gune bertikalen bidez lotuta".
Horretarako, aterpea kendu egingo dute eta eraikin berriak hartuko duen gimnasioaren azpian beste aterpe bat sortu. Era berean, egungo aterpea Bedoñabera eramateko aukera aztertzen ari da ikastetxeko zuzendaritza. "Ziurtatu digute tratamendu bat emanda konpondu daitekeela, nahiz eta garestia izan, eta hori aprobetxatuko genuke Bedoñaben jartzeko", adierazi du Iratxe Salaberriak, Arrasate Herri Eskolako zuzendariak.
Barruan, besteak beste, Lehen Hezkuntzako sei gela eta gimnasioa jarriko dituzte. Azken hori eta aldagelak lehen solairuan egongo dira, eraikin nagusitik nabarmenduta geldituko den irtengune gisa, eta irtengune horrek sarrerako atari eta jolastoki estalia sortuko ditu bere azpian. Horrez gain, jangela eta sukalondoa beheko solairuan kokatuko dira.
Lizitaziora aterako dute
Hezkuntza Sailak berriro abiatuko du eraikuntza-proiektu hori esleitzeko prozesua. Izan ere, duela bi urteko lizitazioan gauzatu gabe geratu zen, enpresa esleipendunak uko egin ondoren. "Beraz, oraingoan, Hezkuntza Sailak prezioa eguneratuta eta %26 handituta atera du proiektua lizitaziora", azaldu dute Jaurlaritzatik. Proiektuak 17 hileko exekuzio-epea izango du, lanak hasten direnetik.
Hamahiru urteko bidea
Musakolako eraikin berriaren prozesua duela hamahiru urte hasi zen. "Orduko hartan eskatu zen eta urte hauetan guztietan egon gara horren atzetik, gu eta guraso komunitate osoa. Esfortzu handia egin zen egoera desblokeatu eta aurrera egin ahal izateko. Izan ere, patioan transformadore bat zegoen eta hori kentzeko tirabiran ibili ziren Udala eta Jaurlaritza", adierazi du Salaberriak. "Azkenean, Udalak kendu zuen eta proiektua gauzatu ahal izan zen. Pandemia garaian, arkitektoak aurkeztu zigun proiektu osoa eta zenbait enpresa etorri ziren ikustera zer zen egin beharrekoa".
Esleitutako enpresak proiektua bertan behera utzi zuen, ezin zielako gastuei aurre egin, eta horrek "atsekabe handia" eragin ziela aitortu du ikastetxeko zuzendariak, "bai guri eta baita guraso komunitateari ere". Hala, komunitate osoa berriro martxan jarri zela azaldu du, Jaurlaritzak proiektuari berriro heldu ziezaion. "Bide horretan, Udala beti egon da gurekin eta Hezkuntza Sailak ere beti esan izan digu aurrera egingo zuela, nahiz eta guretako motelegi izan".
Albiste ona den arren, ikusitakoak ikusita zuhurtziaz jokatu gura dutela dio Salaberriak. "Lehengoa ez gertatzeko, proiektua %26 handituta atera du proiektua lizitaziora Jaurlaritzak, enpresen arteko lehia handiagoa izateko. Beraz, orain arte baino berme gehiago daude, baina ikusi egin beharko da zer gertatzen den". Horrekin batera, prozesuak aurrera eginda ere, eraikin berria errealitate izan arte "bide luzea" geratzen da, zuzendariaren esanetan. "Baina presioa egiten jarraituko dugu, ea moduren batean epeak moztu daitezkeen". Hala, Hezkuntza Sailarekin eta Udalarekin batuko dira martitzen arratsaldean, gaiaz hitz egiteko.
Eraikin berriaren abantailak
Zuzendariak nabarmendu du abantaila asko izango dituztela eraikin berriarekin; "baina abantaila handiena da Musakolako familiek han bertan izango dutela haien seme-alaben hezkuntza osoa, publikoan, institutura iristen direnera arte".
Eraikin berria oraingoaren ondoan joango da, elkartuta. "Patioa hutsik uztea eskatu dugu, ondoren patio inklusiboa egin ahal izateko, naturarekin elkartutako patio bat, Erguinen egin behar dugun bezala".