MUko emakumezkoen entrenatzaile Carlos Diaz iritsi berria da klubera, baina emakumezkoen saskibaloian Ointxe!tik egiten dabiltzan lana nabarmendu zuen. Taldeak kategoria berrian dituen erronken gainean galdetuta, Diazek nabarmendu zuen kategoria honetan kontrarioek fisikoki jokalari indartsuak izaten dituztela, eta zentimetro horien faltan, euren jokoak beste ezaugarri batzuk izan beharko dituela: intentsitatea eta gehiago arriskatuz jokatzea.
Gizonezkoen taldeko entrenatzaile Julen Berrocalendako hirugarren denboraldia izango da klubean. Bere taldeak asteburuan Euskal Kopa hasiko du, etxean jokatuko dute domekan, Iturripen (18:30, Tabirakoren kontra), eta liga urriaren 13an hasiko dute. Inoiz baino hobeto ikusten du taldea. Izar Bedia emakumezkoen taldeko erreferente nagusietako bat da, eta kapitainak aurredenboraldian egiten dabiltzan lanaren gainean egin zuen berba. Ondo egokitzen ari dira entrenatzaile berrira, eta fitxaketetara. Gizonezkoen taldean ere hainbat belaunalditako jokalariak batu dira, esperientzia eta gaztetasuna. Familia moduko bat da taldea, hori da Martxel Balanzategi kapitainak nabarmendu zuena. Solasaldiaren ondoren jokalariak banan-banan aurkeztu zituzten DJ batek girotutako musikarekin lagunduta, eta talde erretratuak ere egin zituzten.