Mondragon Unibertsitateko talde nagusiak denboraldiaurrean murgilduta daude –asteburuan hasiko dute Euskal Kopa– baina gaur hitzordu berezia izan dute Mondragon Hotelean. Bi talde nagusiendako neurriko aurkezpen ekitaldia prestatu dute Ointxe!ko arduradurek, eta bide batez, babesleekin keinu bat izan dute. Hitzorduaren hasieran bi taldeetako entrenatzaileekin eta kapitainekin berba egin ahal izan dute komunikabideek, Carlos Díaz nesken taldeko entrenatzailea, Izar Bedia nesken taldeko kapitaina, Julen Berrokal mutilen taldeko entrenatzailea eta Martxel Balanzategi mutilen taldeko kapitaina izan dira aurretik dituzten erronken gainean berbetan.
Ondoren, DJ batek girotuta, jokalari guztiak –eta entrenatzaile eta laguntzaileak– banan-banan aurkeztu dituzte hotelaren kanpoaldean, eta bakarkako argazkiak egiteaz batera talde erretratuak egin dituzte ondoren. Amaieran luntxa ere izan da, baina jokalariek ez dute arnasa hartzeko tarte handirik izan, Iturripeko kantxa zain zeukatelako. Hori dute goi mailako kategoriek, seriotasuna eskatzen dutela.
Gainera, asteburuan MUko ordezkariek Euskal Kopa hasiko dute, aurredenboraldiko txapelketa klasikoa, bakoitza non dagoen ikusteko balio duena. Bada, gizonezkoek etxean jokatuko dute domekan, Iturripen (18:30, Tabirakoren kontra), eta liga urriaren 13an hasiko dute. Emakumezkoen, berriz, urriaren 5ean ekingo diote denboraldiari Bosonit Unibasketen aurka. Eta, oraingo asteburuan Euskal Kopako final-erdiak jokatuko dituzte Iraurgiren kontra Galdakaon.