Arrasateko Udalak itxi egin du Mojategirako bidea ibilgailuentzako. Tamaina handiko loreontziak ipini ditu oztopo modura, bertara heltzeko alde bietako bideetan. Egunean zehar alboratu egiten ditu, obretan dabiltzanen sartu-irtena ahalbidetzeko, baina ez besterik, eta gauez Udaltzaingoak zaintzen du gunea. Oinezkoak normaltasunez igaro daitezke bertatik.
Mojategiko obretan egindako lapurretak dira horren arrazoia. Argiztapen sarea berritzen ari dira uztailaz geroztik eta, udan zehar, lapurrak sartu dira furgoneta batekin materiala eramatera: kobrea eta kableatua, batez ere.
Sortutako kalte ekonomikoa zenbatekoa den zehaztea zaila dela dio Udaleko Obrak, Zerbitzuak, Mantentzea eta Auzoak Saileko zinegotzi Kepa Urteagak, baina dezentekoa izan dela.
Lapurretek eragin dute obretako epeetan, baina aurreikuspena beteko da: hilabete honetan bertan bukatuko dituzte argiteria aldatzeko lanak.
Atletismo pista ere berritzen
Atletismoko pista berritzen ere ari dira: 18 urte ditu, oso gastatuta zegoen eta puntu batzuetan zorua altxatuta ere bai. Kasu horretan ere, eguraldiak edota makinen erabilgarritasunak eragindako gora-behera batzuk izanda ere, epeetan sartzea aurreikusten dute, udazkenean bukatzea, alegia. Aurrekontua 750.000 euro da.
Kirol arloan egin asmo duten eraldaketa iritsi bitarteko mantendu lanak dira esku-hartze biak. Iturripe eta Musakolako kiroldegiak berritzea da asmoa. Lau urte beharko dira lehenengorako eta hori eta gehiago bigarrenerako. Biek, hori bai, inbertsio handia suposatuko dute.