LF2 mailako denboraldia prestatzen hasi da Ointxe!

Idoia Aranbarri Arzuaga 2024ko abu. 30a, 16:02

Abuztuaren 27an hasi zituzten denboraldiaurreko entrenamenduak Carlos Diaz sevillarraren gidaritzapean.

LF2ko denboraldia urriaren hasieran hasiko du Ointxe!-k, baina dagoeneko hasi dira lanean Carlos Diazen aginduetara. Uztailaren amaieran izan zuten lehenengo hartuemana, eta horren helburua izan zen entrenatzailea nahiz jokalariak kokatu eta informazioa jasotzea taldea antolatzeko denboraldi berriari begira lan egin dezaten.

Ilusioarekin heldu da Diaz, eta ardura handia dutela aurreratu du: "Arrasate eta Debagoiena osoaren izenak estatu mailan jartzen ditugu. Uste dut jakitun garela duen erantzukizunaz, eta inplikazio eta ahalegin pixka bat gehiago eskatuko digula... Bat etorri behar dugu kluba Liga honetan egoteko egiten ari den ahaleginarekin".

Lau fitxaketa

Iazko plantilla mantentzen saiatu da, baina hutsuneak betetzeko lau fitxaketa egin dituzte: Odeth Betancourt, Sonia Gutierrez, Arene Etxeberria eta Ane Esnal.

Helburuen artean finkatu du partida bakoitzean ehuneko ehuna ematea: "Nahi duguna da partida bakoitzean gure ehuneko ehuna erakustea. Aurkariek esaten dutenean Ointxeren aurka jokatzea nahi dugu, Arrasatera joan behar dutenean "puuf" esatea, kosta egingo zaigu, taldea lehiakorra da, batuta dago... Eta horrek poz handia eman diezagula".

LF2, erronka

Talentuaz egin du berba Diazek eta Ointxeko jokalariek hori soberan dutela dio eta ez dutela arazorik izango LF2n jokatzeko. "Ezin duzu aldatu talentua delako, diziplinarekin batera. Eta barneratu egin behar dute lehiaketa-maila oso altua dela eta duten talentu guztia atera behar dutela, baina kontzentrazio horrekin, iraunkortasun horrekin... Liga ez profesional batean agian ez baita beharrezkoa, baina liga profesional batera iristen zarenean, klik hori egin behar da", dio.

Urriaren 5eko asteburuan Iturripen egingo du debuta Ointxek LF2 mailan eta aurkari izango du Unibasquet Logroño.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak