Ander Murua: "Lanean jarraitu dut eta iritsi zait aukera"

Idoia Aranbarri Arzuaga 2024ko abu. 23a, 14:06

Eguaztenean eman zuen jakitera Aspe enpresak Ander Murua pilotariaren fitxaketa. Irailaren 8an debuta egingo du Uarkapen eta "ilusioa" egiten dio debuta bertan izateak. Arrasateko aurrelaria GOIENArekin egon da kontratua sinatu duen astean.

"Oso-oso pozik" dago Ander Murua Arrasateko pilotaria profesional mailan jokatuko duela jakin berritan. Abuztuaren 19an Lizartzan zegoen entrenatzen eta orduan jaso zuen Aspeko Inaxio Errandonearen deia debuta egiteko aukera zegoela esanez. "Baietz esan nion azkar-azkar eta sekulako ilusioarekin hartu nuen", dio Muruak GOIENAko mikrofonoaren aurrean.

24 urte beteko ditu urrian. Azaldu du enpresek geroz eta joera handiagoa daukatela geroz eta pilotari gazteagoak hartzeko. Dena den, dio esperantza ez duela inoiz galdu: "Nik lanean jarraitu dut eta iritsi zait aukera".

"Txikitako ametsa" beteta

"Pilotari baten ametsa da profesionaletan jokatzea. Pilotan jokatzen dugun guztiok nahi dugu une hau iristea", nabarmendu du Muruak.

Ametsa beteta, hurrengoa zein den galdetuta honakoa dio: "Badaude idoloak, Altuna bezalakoak. Baina, nire ustez, debutean zentratu behar dut. Hori da amesten nuena. Badakit hor daukadala eta badakit hor daukadala. Ea paper ona egiten dudan eta gero etorriko da etorri behar duena".

Debuta, Uarkapen

Debuta bere jaioterrian egingo du irailaren 8an, Uarkape Udal Pilotalekuan. Xabi Tolosarekin osatuko du bikotea eta aurkari izango dituzte Egiguren eta Bikuña. "Ilusioa" egiten dio debuta Arrasaten izateak: "Azkenean, hemen eman ditut lehen pilotakadak eta frontoia nire lagun eta familiakoekin ikusteak ilusioa egiten dit. Alde horretatik, oso pozik".

Pilota jaialdia arratsaldeko bostetan hasiko da. Muruaren partida lehena iango da. Bigarrenean, berriz, Masters CaixaBank Ligako norgehiagoka izango da: P. Etxeberria eta Mariezkurrena II Zabala eta Imazen kontra. Sarreren aurresalmenta Monte eta Buenuena tabernetan egingo da. Interneten ere jarriko dituzte salgai eta egunean bertan leihatilan ere erosi ahal izango dira.

Bi urterako sinatu du kontratua Aspe enpresarekin. Dagoeneko hasi da debuteko partida prestatzen, eta hemendik aurrera entrenamenduak Aspeko pilotariekin egingo ditu. Egun hauetan dagoeneko egin ditu lehen saioak.

Eskerrak eman dizkie honaino iristen lagundu dioten entrenatzaile guztiei. Baita Arrasateko Udalari ere, debuta posible egiteagatik.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak