Ander Murua pilotariak profesionaletan egingo du debuta

Idoia Aranbarri Arzuaga 2024ko abu. 21a, 13:11

Ander Murua, Aspeko elastikoa eskuetan duela. (Argazkia: Aspe).

Aspe enpresan jokatuko du Arrasateko pilotariak eta irailaren 8an jokatuko du bere aurreneko partida profesionaletan Arrasateko Uarkape pilotalekuan. Horrekin "txikitako ametsa" beteko duela dio; baita, inoiz ahaztuko ez duen eguna izango dela ere.

Gaur eman du jakitera Aspe enpresak Arrasateko aurrelariaren fitxaketa. Aspeko kamiseta jantziko du aurrerantzean Muruak eta debuta bere jaioterrian egingo du irailaren 8an.

Aurten, besteak beste, Bergara Hiria Txapelketa, Goñi Memoriala, Euskal Herriko txapelketa Errege Kopa irabazi ditu Muruak.

Muruak GOIENAri adierazi dio, "sorpresaz" hartu zuela debutatzeko berria. Azaldu du astelehenean esan ziotela debutatzeko aukera egon zitekeela eta ea gustatuko litzaiokeen. "Nik nola ez, baiezkoa eman nuen", dio.

Profesionaletan debuta, Uarkapen

Esan bezala, irailaren 8an jokatuko du aurrenekoz profesional mailan Muruak. Xabi Tolosarekin osatuko du bikotea eta Julen Egiguren eta Bikuña izango dituzte aurkari. Profesional mailan debuta egitea "txikitako amets bat" dela azaldu du: "Azkenean, pilotan gauden kirolari guztiok nahi dugu noizbait debutatzea, eta niri aukera iritsi zait eta oso-oso pozik nago".

Gainera, "oso gustura" agertu da profesionaletako bere lehen partida Uarkapen izatearekin eta inoiz ahaztuko ez duen unea izango dela aurreratu du: "Debuta Arrasaten izango da irailaren 8an nire herrian eta nire lagunak nahiz familia harmailetan dagoela debutatzea izango da gauza bat ez dudana bizitzan inoiz ahaztuko". Era berean, Arrasateko Udalari eskerrak eman nahi izan dizkio azken urteetan Arrasateko pilotari emandako laguntzagatik.

Hala, uztailean jokatu zuen azkenengoz Uarkapen ia bederatzi urteren ostean. "Pentsa, Arrasaten jokatu nuen azken partidua duela bederatzi urte izan zen, 15 urte nituela. Gero, zoritxarrez, ez nuen taldekiderik eta irten egin behar izan nuen. Beraz, itzulera gozoa izan da. Aitortzak ere ilusio handia egin dit", zihoen uztaileko partidaren ostean.

Hilabete eta erdiren ostean, berriro ikusi ahal izango da Arrasaten Murua pilotan; oraingo honetan, profesionaletan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak