Arrasate Pilota Taldeak antolatuta, pilota jaialdia egingo dute egubakoitzean, uztailak 19, Uarkape pilotalekuan. Bi partidu jokatuko dituzte, 19:30etan hasita, eta doako sarrerarekin. Infantil mailan, Peru Orue eta Hodei Dominguez Danel Zubiaren eta Ibai Osororen aurka ariko dira eta afizionatu mailan, berriz, Ander Muruak eta Aitor Elizegik Beñat Azketa eta Endika Uriondo edukiko dituzte aurkari.
Ander Muruari omenaldia
Ander Murua pilotari arrasatearra kantxan izango da eta aitortza txiki bat ere egingo diote, gainera, haren partidua hasi aurretik. Azken urteetan Arrasatek eman duen pilotari onena da, izan ere, Gipuzkoako, Euskal Herriko, Espainiako eta munduko txapelduna da afizionatu kategorian. "Ibilbide oparoa egiten ari da, hainbat titulu irabazita. Hala ere, Arrasaten ez du askorik jokatu eta pilotazale arrasatearrei aukera eman gura diegu Murua partidu batean ikusteko", adierazi du Iker Zugastik, Arrasate Pilota Taldeko zuzendaritza batzordeko kide eta entrenatzaileak.
55 pilotari daude taldean
Azken bizpahiru urteetan hazten ari da Arrasate Pilota Taldea, geroz eta pilotari gehiago baititu. 2000ko hamarkadan indar handia izan zuen taldeak; Gipuzkoako Herri Artekoa ere irabazi zuten 2007an, baina gero gainbehera handia izan zuen eta orain berriz indartzen ari dira apurka-apurka. Gaur-gaurkoz, 55 pilotari daude eta datorren denboraldira begira, 60 ere izan daitezkeela aurreikusten dute.
Hori horrela izanik, Uarkaperen ordutegiekin arazoak izango dituztela uste dute. "Uarkape erabilera anitzeko gune bat denez eta gu izaten ari garen hazkundea aintzat hartuta, beharra edukiko dugu Udalarekin adosteko ordutegiak handitzea. Izan ere, oraingo ordutegiekin ez dugu aukerarik izango guztiendako", dio Oskar Oruek, Arrasate Pilota Taldeko presidenteordeak.
Emakumeak ere gura dituzte taldean
Iaz emakume bat egon zen taldean eta datorren urterako beste batek izena eman du. Edozelan ere, hori indartu gura dute. "Ikusten dugu beste herrietan badituztela emakumeak taldean. Gurean, datorren urterako animatu da bat eta esan digu gurako lukeela gehiago egotea. Beraz, deialdia egiten diegu emakume pilotazaleei taldera batzeko", zehaztu du Oruek.
Modu horretan, emakumezkoetan zein gizonezkoetan kategoria guztietan pilotariak izatea da Arrasate Pilota Taldearen helburu nagusietako bat Izan ere, pilotari guztiak gazteak dira, alebin eta infantil mailakoak gehienak eta, zaharrenak kadeteak dira: "Urte batzuk barru kategoria guztietan pilotariak izatea gurako genuke, adibidez, Gipuzkoako Herri Artekoan parte hartzeko eta Arrasaten talde egituratu bat daukagula esan ahal izateko".
Babesleak lortzeko zailtasunekin
Era berean, onartu dute babesleak lortzeko "zailtasun handiak" dituztela eta babesle gehiagoren beharra aldarrikatu dute. "Azken batean, horrelako talde bat mantentzeak gastu asko ditu eta laguntza oro ongietorria izango da", nabarmendu du Iker Zubia taldeko presidenteak. "Gaur egun, Kanpanzar harrobia eta Dikar dira gure babesleak, baina gustatuko litzaiguke gehiago izatea. Beraz, ea babesleren bat animatzen den gu laguntzera".
Guraso gehiagoren inplikazioa
Taldearen hazkundeak, ezinbestean, lanerako esku gehiagoren beharra eskatzen du. Hori dela eta, gurasoen inplikazioa eskatu dute. "Lau lagun bakarrik ari gara lanean eta geroz eta ume gehiago ditugu. Beraz, gurasoei eskatzen diegu batzordera etorri eta euren aletxoa jar dezaten".