Uarkape pilotalekuak 25 urte beteko ditu urte amaieran eta, hori ospatzeko, ekainetik abendura arteko egitaraua aurkeztu du Udalak, Arrasate Pilota Taldearekin eta Arrasate Dragoi Gimnasia Taldearekin elkarlanean.
Hala, ekainaren 21ean abiatuko dute urteurreneko programazioa, San Fermin torneoaren lau t'erdiko final zortzirenak jokatuko baitituzte Uarkapen. Artolak eta Zubizarreta III.ak jokatuko dute partidu nagusia eta, aurretik, Agirrek eta Albisuk Lasoren eta Arangurenen aurka jokatuko dute. Sarrerak dagoeneko salgai daude www.entradasfronton.com webgunean. Horrekin batera, etzi, egubakoitza, Monte eta Buenuena tabernetan ere jarriko dituzte salgai.
Etxeko pilotarien jaialdia
Uztailaren 19an herriko pilotarien txanda izango da. Arrasateko Pilota Taldeak antolatuta, pilota jaialdia egingo dute. Infantil mailan, Peru Orue (Arrasate) eta Hodei Dominguez (Arrasate) norgehiagoka arituko dira Danel Zubia (Arrasate) eta Ibai Osororen aurka (Aramaio). Afizionatu mailan, Ander Murua (Arrasate) eta Aitor Elizegik (Zegama) Beñat Azkarate (Zegama) eta Endika Uriondo (Gizaburuaga) edukiko dituzte aurkari.
Egun horretan, aipamen berezia eta aitortza egingo diote Ander Murua pilotari arrasatearrari. "Izan ere, Gipuzkoako, Euskal Herriko, Espainiako eta munduko txapelduna baita afizionatu kategorian", adierazi du Iker Zugastik, Arrasateko Pilota Taldeko zuzendaritzako kideak.
Era berean, pilota taldea geroz eta indartsuago dagoela ere nabarmendu du. "Azken urteetan, pilotari kopurua bikoiztu egin da eta gaur egun, 60 bat ditugu. Horrez gain, zuzendaritza sendo bat dugu, ondo lan egiten duena".
Irailean, erremontea
Abuztuko atsedenaldiaren ostean, erremontearekin itzuliko da egitaraua, irailaren 14an, aurten lehendabizikoz, Arrasatek Erremontari Herriz Herri jaialdian parte hartuko baitu. Jaialdiaren helburua da erremontea ezagutaraztea eta Euskal Herriko herrietatik bira egitea. Jaialdi bakoitzean bi partida jokatuko dituzte set formatuan, eta sarrera doakoa izango da.
Oraindik ez dute zehaztu ze partidu izango den. Hori bai, Mikel San Miguel Kirol zinegotziak azpimarratu du erremontean aritzeko pilotak Uarkapeko neurrietara egokituko dituztela.
Azken txanpa ere erakargarria
Urriaren 26an, Bertsopilota Jaialdia egingo dute. Batetik, Ane Zuazubiskar arrasatearra eta Amets Arzallus ariko dira. Pilotariei dagokionez, Jon Erasun eta Mikel Goñi izango dira batetik eta Iker Urmeneta eta Ander Murua bestetik. Partiduan zehar, bertsolariek umorez aholkatuko dituzte pilotariak.
Azaroaren 23an, kirol diziplinaz aldatu, eta Arrasateko Dragoi Gimnasia Taldeak erakustaldia egingo du Uarkapen. "Taldeak badaramatza urte batzuk frontoian entrenatzen eta haiei ere keinu bat egin gura izan diegu", dio San Miguelek.
Bukatzeko, abenduaren 22an, Binakako Pilota Txapelketako partidua jokatuko dute, urtero legez. Gaur-gaurkoz ez dago zehaztuta zein pilotarik, baina "goi mailako pilotariak" ekartzen saiatuko direla adierazi du Kirol zinegotziak. Egun horretan, halaber, "zerbait berezia" egingo dute, urteurrena abenduaren 21ean izango delako.
Berritze lanen ostean, ekintzaz betetzera
Maider Morras alkateak dio hainbat berrikuntza lan egin dituztela Uarkapen, morez margotzearekin batera. Azken aldaketa hori islatu nahi izan dute, gainera, kartelarekin.
Behin lan horiek bukatuta, frontoia edukiz betetzea izango da helburu nagusia, frontoiari bizia emanez. "Horretarako, egitarau hau lehen urratsa izango da, eta erantzun positiboa badu, programazioan sakontzen jarraitzeko ahalegina egingo dugu. Kirol azpiegituren hobekuntza eta berrikuntza ezinbestekoa da Arrasaten, baina hori bezain garrantzitsua da kirol komunitatea zaindu eta elikatzea", adierazi du alkateak.