Udalara joan-etorriak egiteko autobusa, gaurtik martxan

Eneko Azurmendi Barrena 2024ko uzt. 5a, 12:09

Egubakoitzetan, zapatuetan eta domeketan egongo da autobus zerbitzua eta egunean hamabost joan-etorri egingo ditu, gaurtik abuztuaren 4ra arte. Bidaia bakoitzak 0,5 euroko prezioa izango du eta, probaldia izanik, ezin izango da Mugi txartela erabili.

Udalara joan-etorriak egiteko autobusa gaur jarri dute martxan, proba modura, eta abuztuaren 4ra egongo da zerbitzua, egubakoitzetan, zapatuetan eta domeketan. "Hasiera batetan, zerbitzua, uztaileko asteburuetan ezartzea zen aurreikuspena, baina abuztuko lehen asteburuan Udalako jaiak izanik, astebetez luzatzea egoki ikusi dugu", adierazi du Kepa Urteagak, Auzoak eta Obra, Zerbitzu eta Mantentze zinegotziak.

Autobus zerbitzu publikoa jartzeko arrazoia, nagusiki, udan izaten den auto-masifikazioa da. "Udala auzoak auto kopuru altua jasotzen du, saturazio puntu batera ere iristen da batzuetan. Beraz, hori ekiditeko asmotan, autobus zerbitzu hau jartzea erabaki dugu, probaldi modura", dio Urteagak.

Autobus zerbitzua jartzearekin batera, autoen aparkalekuak ere berregokitu dituzte Udalan, horiek mugatzen dituzten seinaleak margotuz eta autobus geltokiaren gunea seinaleztatuz. "Goiko aparkalekuak txukunketa bat behar zuen, eta horiek autobus zerbitzu berrira egokitu ditugu".

Bidaia bakoitza 0,5 euro

Herribusarekin zerikusirik ez duen zerbitzu bat da, beste kontratazio bat, eta 15.000 euroko aurrekontua izango du. Bidaia bakoitzaren prezioa 0,5 eurokoa izango da, eta eskudirutan ordaindu beharko da nahitaez. Izan ere, zerbitzu berezia denez, ezingo da Mugi txartelarekin ordaindu.

Hiru geltoki izango ditu autobus lineak: erdigunean, San Frantziskon, 2. linean (zebra-bidea igarota); Erguinen, 2. linean, eta Udala auzoan (goiko aparkalekuan).

Honako hau izango dira ordutegia:

  • Arrasate-Udala (igo): 10:00 11:00 12:00 13:00 14:00 14:30 15:00 15:30 16:00 16:30 17:00
    18:00 19:00 20:00 21:00.
  • Udala-Arrasate (jaitsi): 10:30 11:30 12:30 13:30 14:15 14:45 15:15 15:45 16:15 16:45 17:30
    18:3019:30 20:30 21:30.

Arrasate-Udalatxen ere proba

Bereziki uda garaian pilatzen dira auto asko Udalan, baina baita Arrasate-Udalatx lasterketaren egunean ere. Hori dela eta, egun hartan ere jarri zuten autobus zerbitzua. "Hura ere proba moduan egin genuen eta, egia esan, topera ibili zen autobusa. Egin beharreko hobekuntza batzuk identifikatu genituen, baina zerbitzua beharrezkoa izan daitekeela ere ikusi genuen. Beraz, beste probaldi bat egingo dugu orain, epe luzeagoan, eta ikusiko dugu beharrezkoa eta eraginkorra ote den auzoarentzat", zehaztu du Urteagak. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak