Koldo Zubia, Egokiñe Bolibar, Ion Bolibar, Igor Murgoitio, Eider Murgoitio eta Mirari Plazaola Udala auzoko bizilagunak dira, eta, aitortu dutenez, Udala auzoak eskaintzen dituen aisialdi aukerak "preziatu" bihurtzen dira guztientzat uda sasoian: "Paraje ederrak, mendi buelta eleganteak, lasai egoteko belardiak... Auzo ederra da eta Udalako gazteok ere gustura jasotzen ditugu bisitari eta lagunak", adierazi dute.
Edozelan ere, kezkatuta azaldu dira jendeak joan-etorri guztiak autoz egin eta "auzoa autoz betetzen" delako. "Bazter guztietan edozein modutan aparkatuta egoten dira auto horietako asko: baserri eta baso bideetan, belardian, etxe atarian, bide bazterrean, iturrian eta abar".
Urtero errepikatzen den arazoa
Nabarmendu dutenez, urtez urte errepikatzen den egoera da autoen masifikazioa. "Ez da arazo puntuala, eta hemen ez da ezer aldatzen", diote. "Pentsa zein den gure ezinegona, Udaltzaingoari ordena jartzeko hainbat dei egin behar izan diogu. 'Guk ezin dugu ezer egin' erantzun digute, arazoa 'koiunturala' dela diote. Nola da posible, baina?", diote, haserre.
Ibilgailuak etxeko sarreran, traban
Bizilagunek azpimarratu dute eskaera horiek ez dituztela "kapritxoz" egiten. "Kontua da etxetik irten ere ezin garela egin batzuetan; are gutxiago, traktorearekin baserriko lanak egin. Horrekin guztiarekin, gure auzoko bidea arriskuz betetzen zaigu".
Arrasateko Udalari bi eskaera
Erdiguneko egoera "erabat ezberdina" dela adierazi dute: "TAO sistemak bermatzen omen du aparkalekuak erantzukizunez erabiltzea, baina erantzukizuna auzoetaraino ez da iristen. Auzoetara iristen dena da TAOtik ihesean datozen auto pila. Hemen ez dago ez erantzukizunik, ez trafikoarekiko kontzientziaziorik, ez garraiobide berdeen aldeko apusturik".
Hala, "duintasuna eta soluzio azkarra" eskatu diote Arrasateko Udalari: "Auzotarrok bigarren mailako herritar sentitu ez gaitezen". Bi eskaera zuzen egin dituzte: "Udan bada ere, herri autobus linea bat Udala auzora bideratzea eta egun dauden aparkalekuen erabilera zuzena bermatzea eta gure baserrietako irteerak, baserriko lanak egiteko traktoreak pasatzeko bideak eta abar libre egoteko neurriak hartzea".
Udal Gobernuak, azkenik, adierazi du Hirigintza batzordean lantzen ari direla gaia.