Nahiz eta eguenero Zarauzko entsegu-lokalean "pozik" elkartzen jarraitzen duten, agur esateko unea iritsi zaio Eraso! laukoteari. "Ez dugu lehen genuen grina hori eta pena ere badugun arren, agurtzeko unea iritsi zaigu, baina ez genuen atzeko atetik irteterik nahi eta agur bira bat egitea pentsatu genuen, baina bira egiteko agur disko bat behar genuela konturatu ginen eta Azken batean sortu dugu; hastapenetan bi maketa argitaratu genituen eta zazpi lan luze ondoren, bada, honako hori gure hamargarren lana da", azaldu du Sertx-ek Arrasate Irratiko Zaku bete kontu saioan.
Disko kontzeptuala
Ez da samurra izan taldeko abeslariarentzako iraungitze data ezarri ondoren kanta berriak egitea. "Kantuak idazterako orduan igarri dut eta azkenean disko kontzeptual bat atera zait. Agur kantuak dira gehienak, gure ibilbidea laburbiltzen dutenak, adibidez, bilduma zabaltzen duen Oroitzapenak. Ibilbidean zehar alboan izan ditugunak eta bidean ezagutu ditugunei eskerrak emateko gogoz sortutakoak dira".
Pozik" daude emaitzarekin eta "hunkituta" ere bai, zaleen aldetik jaso dituzten mezuekin. "Ikaragarriak dira mezuak, malkoekin idatzitakoak horietako hainbat. Eta eskertu beharrekoa da hori, bada, mimo handiz ari gara irailean abiatuko dugun eta 2025eko amaiera bitartean egingo dugun bira prestatzen.
Bakarkako hirugarren lana
Taldearekin gainera, bakarkako proiektua ere badu Sertx-ek; ekainean zen hirugarren bilduma argitaratzekoa, baina udazkenerako atzeratu du kaleratzea. "Eraso!-ren agurra eta beste kontu batzuk tarteko ez da posible izan. Grabatuta dago eta apirilaren 19an argitaratu nuen bideokliparekin Bihotza negar izena duena eta datozen astetan dut beste kantu bat sarean aurkezteko asmoa dut".