Leintz Bailarako Ekiolako bazkideak uztailaren 1ean hasiko dira instalaziotik energia jasotzen

Eneko Azurmendi Barrena 2024ko eka. 21a, 09:57

Urteko batzar orokorra egin zuen atzo, eguena, Leintz Bailarako Ekiolak, Amaia antzokian, eta eta gai-zerrendako puntu guztiak onartuta geratu ziren. Mugarri garrantzitsu bat jarri zuen saio horrek, izan ere, kooperatiba sortu zutenetik bide luzea egin ostean, uztailaren 1ean energia jasotzen hasiko dira bazkideak.

Batzar orokorrean hala onartuta, Leintz Bailarako Ekiolako bazkideak uztailaren 1ean hasiko dira instalaziotik energia jasotzen. "Gaur egun, berez, instalazio horrek sortzen du energia, baina oraindik ez daukagu gure kontratuetara lotuta. Hala ere, hilaren 1ean Garaiako instalaziotik zuzenean hasiko gara energia jasotzen", dio Iñaki Aranburuk, Ekiolako kontseilu errektoreko lehendakariak.

Modu horretan, abuztuaren 1ean jasoko dute lehen faktura bazkideek.  Gaur-gaurkoz, Garaiako instalazio fotovoltaikoak sortzen duen energiaren %72 esleituta dute bazkideen artean eta kontseilu errektoreko lehendakari Iñaki Aranburuk argi azaldu duenez, helburua da %100 esleitzea, ahal den heinean, familia bati edo etxebizitza bati emanez. "Gainontzeko %28 horrek sortzen duen energia sarera botako dugu, zerbait kobratuko dugu eta kooperatibarendako onura bat izango da, baina hori ez da gure helburua, baizik eta ahalik eta gehien partekatzea instalazio horrek sortzen duen energia".

Beraz, garbi dute bazkide berriak erakartzen jarraitu behar dutela oraindik eta, bide horretan, gakoa izango da egungo bazkideak energia jasotzen hastea, Aranbururen esanetan. "Espero dugu jendea animatzea. Pentsatzen dugu, ikustean gainontzekook jasotzen ditugula halako instalazio batek ematen dituen onurak, apreziatuko dutela. Guk jarraituko dugu, ahal dugun neurrian, bazkide berriak erakartzeko lanean", bukatu du Aranburuk.

Horretarako, bazkidetza kanpaina martxan du kooperatibak eta leintzbailara.ekiola.eus webgunearen bitartez egin daiteke hori, galdetegia beteta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak