Urkulluk alboan izan ditu, besteak beste, Gotzone Sagardui osasun sailburua, Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Maider Morras Arrasateko alkatea. Eta adierazi du berak nahi izan duela azken ekitaldia Arrasatekoa izatea, pandemia garaian osasungintzako arduradun zein langileek eginiko lanak eskertzeko. "Gaur, azken hitz hauen bidez, Osasun Sailaren eta Osakidetzaren erantzuna eta erantzukizuna aitortu nahi ditut. Egoera zailari aurre egin zenioten, egoera larriaren aurrean zeuen hoberena eman zenuten. Egun egokia da gaur Osakidetza eta Osasun Sailaren langile ororen, arduradunen eta goi kargudunen profesionaltasuna eta zerbitzu publikoaren aldeko bokazioa eskertzeko".
Horrez gain, Urkulluk gaineratu du Osasun Publikoaren Defentsarako Elkarteen Federazioaren urteko txostenaren arabera, Euskadik 105 puntu lortu dituela, Espainiako bataz bestekoa baino hogei gehiago, eta besteak beste, prozedura kirurgikoetarako edo espezialisten kontsultetarako egun gutxieneko itxaron zerrendak dituela. Hala, esan du emaitza horiek gezurtatu egiten dituztela kritikak; alegia, bere esanetan, modu orokorrean eta datuetan oinarritu barik egin diren eta pertzepzioan era bidegabean txertatu diren kritikak. Eta hor ere arduradun zein profesionalen lana aitortu gura izan du.
Hogeita hamar milioi euro
Gotzone Sagardui Osasun sailburuak, bere aldetik, nabarmendu du gaurko ekitaldia esanahiz beterikoa dela: "Izan ere, ipintzera goazen harria badelako ere zentzu askotan mugarria; hain zuzen ere, herritarren osasunaren alde orain arte egindako lanaren eta aurrerantzean egingo denaren arteko zubi".
Debagoieneko ospitaleko eraikin berriak guztira 9.300 metro koadroko azalera izango du zazpi solairutan banatuta. Bloke berrian, besteak beste, eguneko ospitale mediko kirurgikoa, medikuntza fisikoaren eta errehabilitazioaren arloa, erresonantzia magnetiko nuklear bat, endoskopia-unitate bat eta larrialdi-oinarria egongo dira. Eta zuzenean egongo da lotuta, gainera, kanpo kontsulten eraikinera. Aurreikuspenen arabera, udan hasiko dira lanak, 30 hilabeteko exekuzio epearekin: "Eraikin berri honetarako guztira hogeita hamar milioi euro bideratu ditugu; Osakidetzako zentro eta egiturak hobetzeko eta egokitzeko Osasun Sailak duen konpromisoari erantzuten dio. Gure helburua da aurrera egiten jarraitzea, betiere pertsona guztiei ahalik eta arretarik hurbilena, kalitatezkoena eta irisgarriena eskaintzeko".
Osasungintzaren hainbat langileren protesta ere eragin duen ekitaldia amaitzean, eta orain zer egingo duen galdetuta, horrela erantzun du Urkulluk: "Orain? Biharkoa, eta larunbata itxaron. Eta hortik aurrera tarte bat hartuko dut pentsatzeko".