ESK sindikatuak salatu duenez, Ertzaintzak protestan zebiltzan langileak identifikatu eta pankartak kendu dizkie, "nahiz eta ekitaldia egiten ari ziren lekutik berrehun metro baino gehiagora egon". Hala, adierazi du jarrera horrek "lehendakari hau eta haren gobernua definitzen" dituela: "Gaur Urkulluk agur esan digu bere betiko estiloarekin, adreilua inauguratuz eta langileak erreprimituz. Debagoieneko ospitalearen eraikin berriko lanak aurkeztu diren propaganda ekitaldi batean, zentroko langileek agerian utzi nahi izan dute langileek ez dutela partekatzen osasungintza egiteko modu hori".
Sindikatuak, beraz, Ertzaintzaren jarduera gaitzetsi eta identifikatutako lankideei elkartasuna agertu die: "ESKn argi daukagu borroka dela bide bakarra gaur egungo egoerari buelta emateko eta osasungintza publiko unibertsala eta kalitatezkoa lortzeko".