Ikastaroetako tasak %3 igotzea onartu du udalbatzak

Eneko Azurmendi Barrena 2024ko eka. 5a, 10:51

Udal Gobernuak duela astebete iragarri bezala, udal euskaltegiko, kiroldegiko eta Udalako Ingurumen Eskolako ikastaroetako tasak %3ko igoera izango dute 2024-2025 ikasturtean, udalbatzak hala onartuta. Oposizioak igoera horiekiko aurkakotasuna adierazi zuen joan den astean eta osoko bilkuran ere aurka bozkatu dute, EAJk zein PSE-EEk.

Ekaineko osoko bilkura egin zuten atzo, martitzena, eta 2024-2025 ikasturteko tasak %3 igotzea onartu zuen udalbatzak. "2023ko apiriletik 2024ko apirilerako indizeak igoera hori izan duelako izan da igoera. Azken zortzi urteetan,  EAJk ez du tasak eguneratzeko politika aktiborik izan eta horrek kaltetu egin ditu udal tributuetatik jasotako diru-sarrerak. Igoera honek gihar finantzarioa indartuko digu etorkizuneko erronkei aurre egiteko. Jasangarria da, une egokian hartutako erabakia, eta familia zaurgarrienei eragingo ez diena", azaldu zuen Joseba Ezpeletak, Ogasun zinegotziak. Gobernuaren eredua "garbia" dela gehitu zuen Eva Abuinek, Elkarrekin Arrasateren bozeramaileak: "Fiskalitate progresiboa da gure eredua".

Jeltzaleek osoko zuzenketa aurkeztu zioten proposamen horri eta taldeko bozeramaile Ander Garayk "erabateko aurkakotasuna" azaldu zuen tasak igotzearekiko, horretarako hiru arrazoi emanez: "Batetik, Udalaren egoera ekonomikoa ezin hobea da, zero zor egoeran baitago; bestetik, 2023tik 13 milioi euroko soberakina daukagu; azkenik, nahikotasun finantzarioa du Udalak". Gaineratu zuen Udal Gobernuak ez duela "inolako dirulaguntzarik jarri" igoera horiek ordaintzeko. Aritz Murua sozialistak bat egin zuen EAJren irakurketarekin: "Udalak baliabide ekonomiko onak ditu, eta ez da beharrezkoa tasa horiek igotzea".

Udalbatzaren onarpena izan ostean, beraz, kirol ikastaroetako tarifek, Udal Euskaltegikoek eta ingurumen hezkuntzari buruzko jardueretakoek %3ko igoera izango dute irailaren 1etik aurrera.

Gerakinaren zati handiena, azpiegituretarako

Bestalde, 2024ko aurrekontuan kredituak aldatzeko proposamenak ere aurrera egin zuen, eta 2.568.370 euro hainbat proiektutara bideratuko ditu Gobernuak. Halaber, gerakinaren zati handiena azpiegituren inbertsioetara bideratuko du. "Zorpetzeko arrisku handia duten inbertsioak ditugu aurretik, Iturripeko kiroldegia edo Amaia antzokiaren eraberritze integrala epe motzean, baita Musakolako kiroldegi berria egiteko beharra epe ertainean. Guztiak finantzatzeko zuhurtziazko kudeaketa egitea dagokigu".

Puntu horretan, EAJk bi emendakin aurkeztu zituen. "Batetik, Santa Teresa eta Doneztebe Portuko kaleetako etxebizitzetako laguntzetan bi milioi euro gehiago jartzea gurako genuke, etxebizitza batzuk dirulaguntza jaso ezinik geratu direlako. Bestetik, erdialdeko haur parke bat estaltzeko 100.000 euro jartzea proposatzen dugu", adierazi zuen Garayk.

EH Bilduren bozeramaile Kepa Urteagak zera erantzun zion: "Auzo konkretu bat hobetzeko eskaera egin zenuten eta jakina zen ez zela helduko etxebizitza guztiendako. Iazko uztailean egon ginen bizilagunekin eta azaldu genien dirulaguntza arruntak bazeudela birgaitze horiek egiteko. Gure planteamendua da Jaurlaritzarekin bildu eta horrelako dirulaguntzak igotzeko eskatzea, herriko atarte guztiak lagundu ahal izateko eta ez mugatzeko bi kaleetara soilik. Haur parkea estaltzeari dagokionez, bagabiltza aztertzen Biterikoa estaltzea eta egungoa birgaitzea. Izan ere, egungo estalpea utzita dago eta ez dago egoera onean". Ondorioz, aurka bozkatu zuen Gobernuak eta emendakinek ez zuten aurrera egin.

Kreditu aldaketa onartuta, honako inbertsio hauek egingo ditu, besteak beste, Udal Gobernuak 2024an:

  • BAZ berritzeko obrak: 200.000 euro.
  • Zerrajerako malda konpontzea: 300.000 euro.
  • Antoñako frontoia konpontzea: 95.000 euro.
  • Grupo San Juan berriro urbanizatzeko proiektua idazteko 40.000 euro.
  • Musakolako Gaztetxoko berria egiteko 120.000 euro.
  • Bizikletentzako aparkalekuak: 100.000 euro.
  • Landa eremuko lursailak mugatzeko proiektua: 140.000 euro.
  • Kirol saileko konponketa eta inbertsioak 139.500 euro igotzea: guztira aurten 239.500 euro.
  • Haur parkeak berritzeko partida 50.000 euro igotzea: guztira aurten 75.000 euro.
  • Txiki Txokoan ekipamendua berritzea 13.000 euro gehitzea: guztira aurten 15.000 euro.
  • Turismo aktibitateak sustatzeko 15.000 euro gehiago: guztira aurten 50.000 euro.

Mugimendu feministaren mozioa, onartuta

Aipaturikoez gain, beste hainbat puntu ere onartuta geratu ziren atzoko saioan. Batetik, Arrasateko kaleen eta antzekoen garbiketa zerbitzua Prezero enpresari esleitzea onartu zuen udalbatzak, urtean 2.029.500 euroko prezioarekin (BEZ barik), eta lau urterako. Era berean, udalbatzak hala erabakita, Markuleteko E-4-5 poligonoaren baitan dagoen labea dohainik hartuko du Udalak. Horrekin batera, 2024ko lanpostuen zerrenda eta plantilla organikoa ere onartu zituen mahaiak.

Azkenik, mugimendu feministak Palestinaren alde aurkeztutako mozioak ere aurrera egin zuen, besteak beste, Israelen erasoak gaitzetsi eta berehalako su-etena eskatzen duena. Udal Gobernuak eskerrak eman zizkion mugimendu feministari, mozioa aurkezteagatik, eta erabat ados azaldu zen mozioak jasotzen duenarekin. Beraz, alde bozkatu zuten Gobernuko bi alderdiek. EAJk, aldiz, "edukiaren ehuneko handi batekin" ados egon arren, abstentziora jo zuen, "erabat osatu gabe" dagoelako. "Hamasen ekintzak ere gaitzetsi egin behar dira", zioen Garayk.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak