Arrasateko Udalaren finantza egoera "ezin hobea" dela adierazi du Ander Garayk, jeltzaleen udal taldeko bozeramaileak. Hori dela eta, ez du ulertzen Gobernuaren proposamena. "Zorrik gabeko egoeran gaude, eta, gainera, aurreko urtetik ia 13.000.000 euroko soberakina izan dugu. Ez da ulergarria Udalak finantza-premiarik ez duenean eta inflazioaren krisia oraindik amaitu ez denean tasak arrasatearrei igotzea. Karga fiskal guztia gure udalerriko klase baxu eta ertainetan jartzen ari dira. Hori al da EHBildu eta Podemosen politika? Behin eta berriz, herritarrak zerga eta tasa gehiagorekin kargatzea, baita Udala egoera ezin hobean dagoenean ere?".
Era berean, jeltzaleek nabarmendu dute zerbitzu publikoetan, hala nola hezkuntzan, osasunean edo prestakuntzan, helburua ez dela errentagarritasun ekonomikoa, baizik eta udalerriari kalitatezko zerbitzua ematea. "Funtsezkoa da zerbitzu horiek guztiontzat eskuragarri izaten jarraitzea, arrasatearrei finantza-karga gehigarririk ezarri gabe".
Hori dela eta, EAJ-PNVk zuzenketa bat aurkeztu du datorren martitzenean egingo duten osoko bilkurarako, tasak ez igotzea proposatuz. "Garaiz gabiltza oraindik gure zuzenketa onartzeko eta herritar guztiei kiroldegiko, euskaltegiko eta ingurumen-eskolako tasak igotzea saihesteko", adierazi du Garayk.
Udal Gobernuari bere proposamena berriro aztertzeko eskaera egin diote jeltzaleek eta arrasatearren beharrizanekiko "sentikorragoa" den politika har dezala, "batez ere zailtasun ekonomikoen garaian".