LF2 kategoriara igotzeko faseari ekingo diote Mondragon Unibertsitateko neskek gaur, Granadan

Xabier Urtzelai 2024ko mai. 22a, 16:17

Mondragon Unibertsitateko neskek eguenean hasita jokatuko dute Granadan LF2 kategoriara igotzeko igoera fasea. Eguaztenean Granadarako bidea hartu eta maiatzaren 23an jokatuko dute lehenengo partidua, 19:00etan hasita.

Egunotan fasera begira azken entrenamendu saioak egiten ibili badira ere, astelehenean tartetxoa hartu zuten Arrasateko udaletxean egin zieten harrera begira. Komunikabideen aurrean talde erretratuak egin eta Osoko Bilkuren aretoan Arrasateko eta Aretxabaletako alkateek, Maider Morrasek eta Garikoitz Iturbek animo mezuak eman zizkieten, orain arte egin duten bideagatik zoriontzeaz batera. Ointxe!ko presidente Oihane Agirrek klubetik emakumezkoen saskibaloiaren alde egin duten apustuaren berri eman zuen, eta Udal ordezkariei eta taldearen babesleei eskerrak eman zien, urte hauetan guztietan izan duten laguntzagatik.

Fasera etorrita, esan dugu ostegunean hasiko dutela igoera fasea. Guztira 16 taldek jokatuko dute fase hori, lau taldetako lau multzotan banatu dituzte, eta Arrasatekoak Granada Mas Baloncesto, Stadium Casablanca eta CB Al-Qazeres B taldeekin daude multzoan. Guztira sei talde igoko dira mailaz, multzo bakoitzeko onena, eta bigarren sailkatuko diren bi onenak.

Eguenean 19:00 Mondragon Unibertsitateak Granada Mas Baloncestoren kontra neurtuko ditu indarrak, egubakoitzean 17:00etan Stadium Casablanca Zaragozako taldea izango dute aurrean, eta zapatuan 17:00etan Cazeresko taldea. Arrasatekoek lehenengoz jokatuko dute halako fase bat, kontrario gogorrak dituzte multzoan, baina ez doaz oporretan, fasea irabaztera doaz, eta Iñaki Ogarak ez ditu asmo horiek gordetzen: "Gezurra esango nizuke ez bada irabaztera: irabaztera! Taldea ondo dago, eta horretan sinetsi dugu ibilbide honetan. Egia da erronka oso zaila dela eta gure mailako taldeen aurka jolastu dugula. Gainera, etxeko taldearen aurka hasten gara, eta ez da batere erraza izango, baina sinesten dugu gure lanean eta gure saskibaloian, eta horrekin goaz; ilusio handiarekin eta prest erronka hau aurrera ateratzeko".

Jokalariek ere prest daudela nabarmendu dute, ondo entrenatu dira eta esperientzia bizitzeaz batera fasean lehiakor izan nahi dute. "Ez dugu horrelako esperientziarik bizi izan, baina oso gogotsu gaude, eta prestatuta. Denboraldi osoa pasatu dugu hau prestatzen", adierazi du Oihane Saratik. Horrez gain, Leire Rodriguezek erantsi du "zerbait berezia" dela datorkiena, eta "oso pozik" daudela hori bizitzeko. Hala ere, Naroa Garairen hitzetan, irabazi edo galdu, bizipena izango da ederrena: "Igotzen bagara oso ondo, eta bestela ere esperientzia da jasotzen duguna". Azkenik, Irene Muruak ere bere sentsazioen berri eman du: "Pozgarria da horrelako mailako talde bat izatea, eta orain borrokatzea besterik ez zaigu gelditzen gorago egoteko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak