N-636 errepiderako "aukerarik onena" aztertzeko eskatu dute Arrasateko eta Elorrioko Udalek

Iñigo Barrena Kortabarria 2024ko mai. 16a, 14:08

Arrasateko eta Elorrioko alkateek agerraldia egin dute Kanpazarreko gainean eta adierazi durte Arrasate eta Elorrio arteko errepidearen trazadura eraberritzeko hartutako erabakia bi udalen ikuspuntua "kontuan hartu gabe" egin dela; horregatik, "aukerarik egokiena aztertzeko" eskatu dute.

Joan den otsailean aurkeztu zuten Gipuzkoako eta Bizkaiko foru aldundietako Bide Azpiegituretako diputatuek Elorrio eta Arrasate batzen dituen N-636 errepidearen trazadura eraberritzeko plana. Hala, besteak beste, Kanpazarren gainaldea zeharkatuko duen 830 metroko tunel bat egiteko asmoa erakutsi zuten. 42 hilabeteko epean proiektua idaztea eta obra osoa 2031rako amaitzeko asmoa azaldu zuten.

Kanpazarko gainean Maider Morras Arrasateko alkateak eta June Lazkano Elorrioko alkateak egindako agerraldian, proiektu horren aldeko hautua bi udalen ikuspuntua "aintzat hartu gabe" egin izana leporatu diete bi foru aldundiei. Eta eskatu dute N-636 errepidearen trazadura eraberritzeko lanetan aukerarik egokiena "aztertzeko". "Proiektu honetarako lau aukera zeuden, 60 eta 155 milioi euro artekoak. Guztiek lurren mugimendua, desjabetzeak, lurzoru kutsatuak izatea, lurren okupazioak eta ingurumen afekzioak jasotzen dituzte. Horregatik uste dugu bi udalerriekin patxadaz eta soseguz hartu beharreko erabakia dela", adierazi du Morrasek.

Informazio falta

Erabakia euren kabuz hartzeaz gain, Arrasateko eta Elorrioko udalek proiektuaren gaineko informaziorik ez dutela jaso azpimarratu zuten Morrasek eta Lazkanok. "Teknikoki eragin handia duen proiektua da eta ez digute informaziorik eman. Esan gura dugu prest gaudela entzuteko eta informazioa jasotzeko", dio Morrasek. Lazkanok ere azalpenen beharra aitortu du: "Bi herriengan eta mugikortasunean eragin handia izango du; beraz, bi aldundietako teknikariek egindako azterlaneko edukien eta xehetasunen inguruko ganorazko azalpenak ematea nahi dugu; izan ere, patxadaz hartu beharreko erabakia da, kaltea ahalik eta txikiena izateko".

Udaletxeko ateak irekita

Kanpazarko agerraldia aprobetxatu zuten, baita ere, adierazteko Arrasateko eta Elorrioko udaletxeetako ateak gaiaren inguruan hitz egin eta aztertzeko zabalik daudela. "Lankidetzarako eta elkarlanerako prest gaude; izan ere, herritarrak eta auzoak daude honen guztiaren atzean. Hala, gure barne teknikariekin ere txostenak aztertzeko prest gaude, baina lankidetza eskatzen dugu", adierazi du Elorrioko alkateak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak