Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako departamentuak bere ikuspuntua eman nahi izan du, atzo Arrasateko eta Elorrioko udalek Kanpanzar gainean egindako agerraldiaren harira. Aldunditik diote proiektua "oso hasierako" fasean dagoela, eta, atzo egindako agerraldia "asko" aurreratzen dela.
Horrez gain, Foru Aldunditik azaldu dute, Arrasateko Udalak ez duela inolako informaziorik eskatu otsailean aurkeztu zuten proiektuaren gainean; aldiz, Batzar Nagusietan EH Bilduk informazioa eskatu zuela ere gaineratu dute. Aukeratutako proiektuaren gainean, azken urteetan aukerarik onena aztertzen aritu direla diote: "Proiektu konplikatua da, eta, beraz, lau aukeretatik, ekonomikoki, teknikoki eta ingurumenarekiko baloraziorik onena jaso duen proiektua aukeratu dugu".
Dena den, proiektua hasierako fasean izanik, berau aztertzeko epe bat irekiko da, eta, hor alderdiek euren ekarpenak egiteko "aukera" izango dutela azpimarratu dute; behin proiektua zehaztutakoan, alegazioetarako tartea izango dute.
Proiektua aukeratuta, orain idazketa fasean da, 45 hilabetez luzatuko dena. Proiektua idatzeko lizitazioa abian da eta uztailerako "esleituta egotea" espero dutela aurreratu dute.