Urtero legez, Urrezko Astokiloaren entrega egin zuten zapatuan. Periko astoarekin poteo girotua egin ostean, batu ziren antolakuntzakoak. Jone Arizabaleta Musakolako alkatearen hitzetan egun berezi eta polita izan zen.
Urteetan auzoagatik egindako boluntario lana errekonozitzeko asmoarekin Saioa Baenari eman zioten Urrezko Astokiloaren intsignia. Alkateak berak eman zion oroigarria Baenari, eta emozio eta poztasun handiarekin bizi izan zuen unea protagonistak.
Jaiei bukaera eguaztenean
Jaiei bukaera emango diete San Isidro egunean, maiatzaren 15ean. Haur Hezkuntzako umeendako ekintzak izango dira 10:00etan, eta ondoren, 10:30ean, prozesioa Santa Teresatik San Isidrora. 11:00etan, meza esango dute eta 12:30ean, pintxo-poteoa.
Aurretik, 11:30ean, belaunaldien arteko ibilaldia egingo dute auzoan Aita Menni eguneko zentroko erabiltzaileekin batera jaiak ospatzeko. Arrasateko BH Institutuko ikasle, erizaintzako ikasle eta Arrasateko musika eskolako ikasleak izango dituzte lagun esperientzia horretan. Gainera, ikusmen gutxiko pertsonen errealitateari buruz sentsibilizatu eta esperimentatuko da ibilaldian zehar. Antolatzaileek parte hartzera animatu dituzte: "Irteera bazkari goxo batekin amaituko dugu; animatu parte-hartzera!"