Iazko abenduan, euriaren ondorioz, hainbat harri zati erori ziren Zerrajera kalera eta, ordutik, bidegorria itxita dago eremu horretan. "Segurtasuna bermatzeko, hesiak jarri genituen, zebra-bide batetik bestera, alde horretan oinezkoen pasabidea moztuz", azaldu du Kepa Urteagak, Arrasateko Udaleko Obrak, Zerbitzuak, Mantentzea eta Auzoak Saileko zinegotziak.
Bitartean, Ikerlur enpresak maldaren egoera aztertu du, eta ondorio nagusia da ezponda oso ezegonkor dagoela eta ez dagoela bermatuta eremuaren segurtasuna mendi-hegaletik datozen arroken erorketen aurrean. "Malda guztiz ezegonkor dago. Txostenak dio arrisku handia duela eta, beraz, guztiz beharrezkoa ikusten dugu malda egonkortzea", dio Urteagak.
Ondorioz, egonkortzeko lanak ezinbestekotzat jo ditu Udal Gobernuak. Hala, lehenik eta behin, ezpondan dauden hainbat kutxatila, hodi eta eraikuntzako hondakinak kenduko dituzte, besteak beste, fabrika zaharreko hormigoizko bloke bat. Gero, drainatze-elementuak garbitu eta konponduko dituzte eta, azkenik, babes hesi berezi batzuk jarriko dituzte –Kulturola eraikinaren atzealdean daudenen modukoak–.
300.000 euro inguruko aurrekontua
Aurrekontuari dagokionez, 300.000 euro ingurukoa izango da, 2023ko gerakinetik bideratuko dutena. Edozelan ere, uneotan proiektua idazten ari dira teknikariak eta ekainean aterako dituzte lanak lizitaziora. Orduan jakingo dute aurrekontua eta exekuzio epe zehatza. Hori bai, lanak udazkenean hastea da aurreikuspena eta horiek bukatu arte, eremua hesituta egongo da.