Ardanzaren omenezko minutuko isilunea egin du Arrasateko udalbatzak

Eneko Azurmendi Barrena 2024ko api. 9a, 19:44

Alderdi guztiek hala adostuta, minutuko isilunea egin dute apirileko ohiko osoko bilkuraren hasieran. Halaber, Garaia Parke Teknologikoan borondatezko kapitala handitzea ere onartu du udalbatzak. Azkenik, Bixente Etxeberria jeltzaleak uko egin dio zinegotzi aktari eta Josefa Gorosabelek hartu du haren lekua.

Atzo, astelehena, hil zen Jose Antonio Ardanza, lehendakari eta Arrasateko alkate ohia. Hori dela eta, haren omenezko minutuko isilunea egin du Arrasateko udalbatzak, guztiak zutik jarrita. Era berean, galdera eta erantzunen tartean, Agurne Juldain jeltzaleak hartu du berba eta zera adierazi du Ardanzari buruz, malko artean bukatuz: "Euskalduna, abertzalea, bakezalea, zintzoa eta langilea izan da, Euskadirengatik eta euskaldunontzako. Bizi osoa politikan, Euskadirengatik eta euskaldunontzako. Eskerrik asko lehendakari; gora Euskadi askatuta!".

Kepa Urteaga EH Bilduren bozeramaileak nabarmendu du Ardanza izan zela demokrazia garaiko lehen alkatea Arrasaten eta doluminak azaldu dizkie haren senideei eta familia jeltzaleari. Eva Abuin Elkarrekin Arrasateren bozeramaileak ere ildo beretik jo du: "Gure alderdiaren izenean, doluminak familia, lagun eta alderdikideei".

Sozialistek, azkenik, "bakegile" moduan definitu dute. "Euskal gizartearen memorian iraungo duen pertsona izango da. Historiara pasako da, euskal gizartearen aniztasuna ezin hobe ulertzen jakin zuelako eta ezberdinen arteko akordioaren alde lan egin zuelako", azaldu du Johanna Sanchez zinegotziak.

Garaia Parke Teknologikoan, kapitala handitu

Gaurko osoko bilkuran onartutako beste puntu bat izan da Arrasateko Udalak Garaia Parke Teknologikoan daukan kapitala handitzea. Gaur egun Udalak duen kapitala 1.976.691,04 eurokoa da. Hala ere, 2024ko otsailerako aurreikusitako diruzaintza-premiari erantzunez, bazkide sustatzaileek 550.000 euroko kapital-gehikuntza egingo du, bakoitzak dagokion ehunekoan. Arrasateri %9,074 dagokio, beraz, 49.250 euro gehituko dizkio enpresari eta Udalak izango lukeen kapitala 2.026.161,04 eurokoa da.

Puntua onartuta geratu den arren, jeltzaleak abstenitu egin dira eta horrela argudiatu du Ander Garay bozeramaileak. "Garaiari laguntzeko prestutasun osoa dugu eta ados gaude kapitala handitzearekin, baina uste dugu prozesua ez dela egin behar zen moduan. Udalaren ordezkaria alkatea da enpresan eta kontseilu errektorean erabakia hartu zuten guri ezer esan gabe. Guk uste dugu lehenago landu behar zela gaia". Beraz, eskatu dute batzorde berezi bat sortzea, "Garaia Parke Teknologikoan suertatu daitezkeen gauzak hor lantzeko".

Zera erantzun dio Urteagak: "Garaiak kapitala handitzeko proposamena egin zigun bazkideoi. Gure kasuan, aurreratuta geneukan diru kopuru bat mailegu moduan eta hortik hartu dugu. Batzorde berezia sortzeari dagokionez, aztertuko dugu beharrezkoa den ala ez, beste alderdi guztiekin batera".

Zinegotzi aldaketa

Azkenik, Bixente Etxeberria jeltzaleak uko egin dio zinegotzi aktari eta Josefa Gorosabelek hartu du haren lekua.

Josefa Gorosabel.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak