Bi talde bizkaitar nabarmendu dira gaur goizean MUko eraikinean egin duten First Lego League-eko txapelketan. Portugaleteko EduRobotic Synthesis eta Markina-Xemeingo WinnBot taldeek eraman dituzte sari nagusiak. Bi talde horiek joango dira, beraz, martxoaren 16an Alacanten egingo den estatu mailako finalera. Bertatik aterako dira, gero, apirilaren 17 eta 20 bitartean Houstonen (AEB) egingo den nazioarteko finalerako sailkatuak. Horiekin batera, baina, Debagoieneko zenbait talde ere saritu dituzte, First Balioen saria Arizmendiko Aretxabaletako ikasle taldeak irabazi du, eta ikastetxe bereko Arrasateko taldeak diseinu onenaren saria jaso du, eta bigarren saria Oñatiko BHI taldearendako izan da.
Guztira, 37 taldek hartu dute parte: 6 eta 9 urte bitarteko Explore kategoriako 17 taldek eta 10 eta 16 urte bitarteko Challege kategoriako 20 taldek. Azken kategoria horretakoak dira sailkatutako taldeak. Bosgarrenez izan da Arrasate FLL Euskadi torneoaren final nagusiko egoitzetako bat Bilboko, Donostiako eta Gasteizkoekin batera, eta arrakasta erabatekoa izan da aurten ere, besteak beste, elkarlanari esker.
Sarituen zerrenda:
- INGENIERA SOY 1. saria: EduRobotic Synthesis, Edurobotic, Portugalete
- INNOBASQUE 2. saria: WinnBot, Berakruz Ikastola, Markina-Xemein
- MONDRAGON UNIBERTSITATEA 1. saria FIRST Balioentzat: Edurobotic Error 404, Edurobotic, Portugalete
- EUSKO JAURLARITZA Hezkuntza Saila 2. saria FIRST Balioentzat: Arizmendi Ikerlan 4, Arizmendi ikastola, Aretxabaleta
- GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA 1. saria Proiektu Berritzailearentzat: Edurobotic Mercurio, Edurobotic, Portugalete
- DANOBATGROUP 2. saria Proiektu Berritzailearentzat: BeraBrick, BeraKruz Ikastola, Markina-Xemein
- MONDRAGON KORPORAZIOA 1. saria Robotaren Diseinuarentzat: Arizmendi Ikerlan 1, Arizmendi Ikastola, Arrasate
- LKS NEXT 2. saria Robotaren Diseinuarentzat: Konkistatzaileak, Oñati BHI, Oñati
- LORTEK 1. saria Robotaren Portaerarentzat: Edurobotic Mercurio, Edurobotic, Portugalete
- ARRASATEKO UDALA saria Etorkizun Oparoko Gazteentzat: Izugarriak, Fleming Herri Eskola, Villabona
- KREAN saria Ingeniaritza Bikaintasunean: Edurobotic Energy, Edurobotic, Portugalete
Agintarien ordezkaritza zabala
Bisita instituzionala ere izan da txapelketan. Besteak beste Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua, Leire Bilbao Berrikuntzaren Euskal Agentziako zuzendari nagusia, Eider Mendoza Gipuzkoako Diputatu nagusia, Arrasateko alkate Maider Morras eta Vicente Atxa Mondragon Unibertsitateko errektorea izan dira ekitaldian, eta baita ekitaldia babesten duten enpresa askotako ordezkariak ere.