Arrasateko Biztanleriaren Arreta Zerbitzuak aldaketak izango ditu hasi berri dugun 2024 honetan. Zerbitzuaren azterketa egin ostean, Udalak aldaketak egitea aurreikusi du, legearen, langileen eta erabilera beharrei erantzugo dien zerbitzu efiziente eta arina izateko.
Aldaketako bat jada martxan dago, ordutegi berria duelako BAZ bulegoak. Martitzenetik aurrera, astelehenetik ostiralera bulegoa goizeko 07:30etatik 15:00ak arte egongo da zabalik. Dena den, bi salbuespen izango ditu: eguena eta zapatua. Eguenetan 07:30etatik 18:00ak arte egongo da zabalik; zapatutan, berriz, 09:00etatik 13:00 arte.
Aldaketa fisikoak ere izango ditu bulegoak, izan ere, gaur egun bezeroaren eta langilearen artean dagoen maila kentzea nahi dutelako Udaletik. Gainera, panel bereziak jarriko dira gertutasuna eta intimitatea bilatzeko.
Aldaketa hauek Udalaren barruan "lan dezente" ekarriko dutela adierazi du Garazi Etxeberria Arrasateko Udaleko Hirigintza, Trantsizio Ekologiko eta Mugikortasun zinegotziak. Era berean, aitortu du aldaketa hauek herritarrei ez ezik, "Udaleko langileei" ere eragingo dietela. Ordutegi berria martxan da dagoeneko, gainontzeko aldaketak "urtean zehar" ikusten joatea espero dutela ere gaineratu du Etxeberriak.