Arrasateko EAJ: "Ez gaude ados BAZeko ordutegi murrizketekin"

Eneko Azurmendi Barrena 2024ko urt. 9a, 13:04

Jeltzaleek "kezka eta desadostasuna" agertu dute Udal Gobernuak Biztanleen Arreta Zerbitzuaren ordutegia "nabarmen murrizteko" hartu duen erabakian aurrean. "2024rako ordutegi berriek funtsezko zerbitzu publiko horien erabilgarritasuna nabarmen murrizten dute", adierazi dute.

Arrasateko EAJk prentsa agerraldia egin du, BAZen ordutegi aldaketekiko desadostasuna azaltzeko. "Ordutegi berriak 524 orduko murrizketa dakar, hau da, %22,5eko murrizketa zerbitzuaren erabilgarritasunean. Zehazki, 2023an, zerbitzu hau 227 arratsaldetan zegoen eskuragarri, eta 2024an, berriz, 45 arratsaldetan soilik egongo da irekita", diote.

Jeltzaleek azpimarratu dute BAZ "funtsezkoa" dela Arrasaten. "Udalarekin aurrez aurreko izapideak egiteko aukera ematen du, hala nola, galdutako objektuen kudeaketa, beste administrazio batzuetan sartzeko erregistroa, sinadura digitalaren tramitazioa, errolda eta Udaleko sailekin telefonoz harremanetan jartzeko aukera, besteak beste". Hori dela eta, honako galdera planteatu dute: "Herritarrak 15:00etatik aurrera Udalarekin harremanetan jartzeko eta errolda bezalako oinarrizko izapideak egiteko egun librea eskatzera behartuta egongo dira?".

EAJrentzat "ulertezina" da, 2022an udalbatzak aho batez finantza-erakundeei leihatilak mantentzeko eskatu ostean, Udal Gobernuak zerbitzu publikoa murriztea erabaki izana. Hori dela eta, Gobernuari eskatu dio erabaki hori berriz aztertzeko eta aurretik indarrean zegoen BAZeko herritarrei arreta emateko ordutegia mantentzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak