45.753.138 euroko udal aurrekontua onartu berri du Arrasateko udalbatzak 2024rako, nagusiki horretarako egin duten ezohiko osoko bilkuran. Joseba Ezpeleta Ogasun Saileko zinegotziak hartu du berba lehenik, eta zera esan du: "Diru-sarrerei dagokienez, esanguratsuena da udal tributuengatik 16 milioi euro jasotzetik 17,5 milioi euro jasotzera pasako garela, ordenantza fiskaletan udazkenean onartutako igoerari esker. Halaber, Foru Funtsa 19,5 milioi eurotik 20,8 milioi eurora pasako da".
Horrekin batera, azpimarratu du Udalak "gaitasun finantzario nahikoa" daukala dituen erronkei aurre egiteko. Gerakinaren erabilerarekin, bestalde, 2024an ez zorpetzea aurreikusten dutela azaldu du. "Espero dugu 2024an gerakinarekin elikatzea euro batekin dauzkagun partidak, gardentasun ariketa bat eginez. Aldez aurretik, orain arte ez bezala, adierazten dugu gerakina zertara bideratuko dugun, erabateko gardentasunarekin".
Kepa Urteaga EH Bilduren udal bozeramaileak hartu du berba ondoren, eta nabarmendu du datozen urteak "erabakigarriak" izango direla Arrasaterentzako. "Aurkezten zaizkigun erronka berriei erantzun berriak eman beharrean gaude". Modu horretan, aurrekontuak hiru lan ildo nagusi dituela esan du: "Ehundura komunitarioa indartu eta zaindu gura dugu eta, beraz, herritarren bizi-kalitatea, kohesioa eta integrazioa hobetu nahi duten aurrekontua da; bestalde, udal politikak gidatzeko modu berriak ekarri nahi ditugu, gobernatzeko modu kooperatiboa ezarri nahi dugu; azkenik, azpiegiturak hobetu zein berriak diseinatzeko aurrekontua izango da".
Negoziazioei dagokienez, Urteagak adierazi du sozialistek ez dutela inolako ekarpenik egin eta jeltzaleen ekarpenei dagokienez, zera dio: "Ekarpenen %95 hirigintzako proiektuei lotuta daudela kontuan hartzekoa da. Halaber, proposatutako %99 gure aurrekontuan isla zuten jada eta partida jakin batzuetan diru partida handitu egin da, kirol elkarteen dirulaguntzena, adibidez".
Elkarrekin Arrasateko Eva Abuinek, era berean, azaldu du etorkizunera begira Arrasatek dituen erronkei erantzuten dien aurrekontua dela. "Azken zortzi urteetako eperik luzeena zabaldu dugu oposizioarekin gaia jorratzeko eta, gainera, EAJk egindako proposamen gehienak jasotzen dira aurrekontuan. Sozialistek ez dute proposamenik egin. Tamalez, aurka bozkatu dute, baina gu pozik gaude".
Jeltzaleak eta sozialistak, aurka
Aurrekontua onartuta geratu bada ere, oposizioak aurka bozkatu du. Jeltzaleen botoa Agurne Juldain zinegotziak arrazoitu du: "Adostasun batera iristeko lanean aritu gara azaro hasieratik. Hasierako hogei emendakinetatik bost emendakinetara pasatu gara, baina ez dugu lortu erabateko adostasunik. Txarrena izan da konfiantza galdu dugula. Izan ere, azaroko proposamenetik abendura aldaketa tekniko batzuk egin dituzue. Gainera, aurrekontu proposamenaren berri emateko prentsaurrekoan, kirol azpiegituren inguruan, esan zenuten ez zegoela ezer eginda eta horrek mindu egin gaitu, lanketa zabala zegoelako eginda, parte-hartze prozesu bat medio. Hala ere, adostasun batera heltzen saiatu gara bukaeraraino eta aurten ezin izan den arren, espero dugu 2025eko aurrekontuan elkarrekin joatea".
Sozialisten botoa, azkenik, Johanna Sanchez zinegotziak argudiatu du: "Aurrekontu honetan falta izan da aurrez egin beharreko lana, eztabaidarena, arrasatearren benetako beharrak zeintzuk diren jakiteko. Batzorde bakoitzean eztabaidatu behar izaten dira partidak eta ez da hala izan. Horrez gain, ez dugu ikusten prozesu parte-hartzaileetan oinarritutako gasturik. Joan den agintaldian hala egin genuen parkour parkea edota Santa Barbarakoa, esaterako. Hala ere, ezezko botoa emateko arrazoi nagusiak bi dira: Batetik, zergak eta tasak igo izana, horretarako beharrik ez zegoenean. Bestetik, arrasatearren benetako beharrak ez dituelako jasotzen. Guk hogei behar identifikatu ditugu eta horietako bakar bat ere ez dago jasota aurrekontuan".
2024ko udal aurrekontuko hainbat partida
Kontzeptua / Proiektua |
Zenbatekoa |
Osasun mentalaren inguruko diagnostikoa egitea |
100.000€ |
Ondasun higiezinen gaineko zerga ordaintzeko hobariak |
20.000€ |
Azoka eraberritzeko lehen zatia |
50.000€ |
Negozioen eskualdatzea errazteko diru-laguntzak |
50.000€ |
Uarkape trantsizio ekologikoa |
170.000€ |
Santa Teresa eta Doneztebe Portuko kaleen urbanizazio |
3.000.000€ |
Jose Luis Iñarraren lehen fasea |
2.000.000€ |
Etxezarretako lorategi eta ibilbideen berreskuratze plan proposamena gauzatzeko |
50.000€ |
Landa lurrak erosteko partida handitu bestelako basogintza eredu bat bultzatu eta kudeatzeko |
100.000€ |
Atletismo pista berritzea |
841.000€ |
Mojategiko argiak LED sistemara aldatzea |
520.000€ |
Kirol klubei diru-laguntzak |
130.000€ |
Emakume Txoko berriaren proiektua garatzeko |
20.000€ |
Emakume Txokoaren ekintzak |
120.000€ |
Zigarrolako Gaztetxoko berria egiteko |
270.000€ |
Aurre-nerabeen aisialdi zerbitzu berria |
50.000€ |
Musakolan estalpea egitea |
250.000€ |
Bedoñaben estalpea egitea | 60.000€ |
Bedoñaben berdegune berria egitea |
45.000€ |