Arrasateko EAJk dio gaur-gaurkoz "zaila" dela Udal Gobernuaren aurrekontu proposamenari babesa ematea

Txomin Madina Milikua 2023ko abe. 18a, 20:38

Udal Gobernuarekin izandako elkarrizketa eta berrikuspen prozesu baten ostean, bost emendakinetara heldu direla diote jeltzaleek. Gaineratzen dute  Udal Gobernua "planifikazio" falta erakutsi duela aurrekontua lantzeko orduan, eta horrek "beldurra" ematen diela.

Etzi, abenduaren 20an egingo dute Arrasaten 2024ko aurrekontuaren inguruko ezohiko osoko bilkura eta oraindik ere ikusteko dago Udal Gobernuaren proposamenak EAJko zinegotzien babesa izango duen. Gaur hedabideen aurrean egindako agerraldian, jeltzaleek adierazi dute gaur-gaurkoz "zaila" ikusten dutela, nahiz eta ez dioten aterik ixten geratzen diren bi egunetan akordio batera heltzeari.

Arrasateko EAJren lehendakari Agurne Juldainek azaldu du hasiera batean udal Gobernuarekin aurrekontu proiektua lantzen hasi zirenean 20 emendakin zituztela eta negoziazio prozesuaren ostean, bostera heldu direla: San Juan Taldearen berrurbanizazio proiektua idazten hasteko 35.000 euro partida bat; Takolo Goiru proiektuaren barruan Uribarri fasea berrikustea Biteri eta Garagartza arteko bidegorri baten bidez lotzen jarraitzeko; Co-Housing La Merced proiekturako planteatutako 100.000 euroko inbertsioa handiagoa izatea; kirol erakundeendako diru-laguntzak 30.000 euro handitzea; eta Kirol Azpiegituren Maparen barruan, Iturriperen birmoldaketa integralari ekiteko 600.000 euro gehitzea.

Azken emendakin horrekin lotuta, jeltzaleek azaldu dute "harrituta" irakurri zutela prentsan Udal Gobernutik esan izana ez dutela Iturripeko aurre-proiektuaren inguruko "bi lerro" ere aurkitu. "2021ean eta 2022an lanketa egin ostean, Udal Gobernuan geundela aurkeztu genuen proiektua, eta ez hauteskunde kanpainan".  Hori berresteko hainbat dokumentu ere aurkeztu dituzte agerraldian.

"Planifikazio falta"

Emendakin horiek "ardatz nagusiak" direla esanda, onartuak izaten badira ere "egutegia eta planifikazioa" aztertu egin behar direla gaineratu du Juldainek. Zentzu horretan, aurrekontu proiektua aurkeztu zitzaienetik "inprobisazio momentu ezberdinak"  izan direla ere salatu du: "Azaroaren 22an aurrekontu bat aurkeztu ziguten eta abenduaren 12an, aldaketa txiki batzuekin, beste bat. Planifikazio falta horrek beldurra ematen digu".  

"Egungo Udal Gobernuak ez bezala, azken zortzi urteetan EAJk ez du inoiz ere kreditu bat eskatu proiektu handiak gauzatzeko. Gure kudeaketa ereduarekin aurrera egin eta horri esker Udala zor gabe uzteaz gain, Juan Arzamendi Musika Eskola bezalako proiektuak egin ditugu", esan du, era berean Arrasateko jeltzaleen lehendakariak, eta gaineratu Udalak soberakinak dituela. "Uste dugu gure emendakinekin etorkizun polita eman ahal zaiola Arrasateko herriari inongo karga ekonomikorik hartu gabe", esan du.

Dena den, gaineratu du oraindik ere bi egun geratzen direla eguazteneko osoko bilkurarako eta "denbora dagoela" akordio bat lortzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak