Atzo, martitzena, eman zuen Gobernuak datorren urterako dituen asmoen berri eta Maider Morras alkateak nabarmendu zuenez, aurrekontu proposamenak hiru ildo nagusi eta estrategikoei erantzuten die: ehundura komunitarioa indartu eta zaintzea; herri hobe, eroso eta jasangarriagoa sortzea eta gobernantza eredu kooperatibo bat eraikitzea, hurrenez hurren. "2024ko aurrekontuak Arrasate zein arrasatearrek dituzten beharrei eman nahi die erantzuna", gaineratu du alkateak.
Ongizatea izango da Gobernuaren ardatzetako bat eta "eredu komunitarioaren berme" izatea gurako lukete. Hala, bi proiektu azpimarratu ditu alkateak arlo horretan: osasun mentalaren inguruko diagnostikoa egitea, hainbat eragilerekin elkarlanean, eta aniztasun politiketan esku-hartzea. "Herritarren osasun mentala zaintzeko apustu argia egiten dugu, horrek zuzeneko eragina duelako norbanakoen ongizatean, baita, aldi berean, herriko bizikidetzan ere".
Aniztasun politikei dagokionez, egun Udalak duen Aniztasun Plana gauzatzeko giza-baliabideak kontratatzeko partida sortu du Gobernuak. "Hiru urteko exekuzio programa bat egingo dugu, Aniztasun Mahaiarekin lankidetzan, eta horretarako jardun osora egongo den teknikari bat kontratatuko dugu epealdi horretarako. Bere helburua izango da hiru urte horietan Arrasateko jatorri eta identitateen arteko bizikidetza eta integrazioa bultzatzea".
Hirigintzan, berrurbanizazioei lehentasuna
Hirigintza arloan, Santa Teresa eta Doneztebe Portuko kaleen urbanizazioei jarraipena emango lioke Gobernuak, horretara hiru milioi euro bideratuta. Halaber, Jose Luis Iñarra kalearen berrurbanizazioaren lehen fasea egiteko bi milioi euro erabiliko lituzkete. Horrez gain, beste bi guneren proiektuak egin gura dituzte: "Gudarien Plazakoa urte hasieratik hasita dugu, eta urte amaierarako Grupo San Juaneko proiektua idazteko deialdia egitea espero da".
Era berean, cohounsing ereduaren definizioa bilatuko duen lanketa egin nahiko luke Gobernuak, baita "urte luzez alde batera utzitako" azoka berpizteko lanak ere. "Gure helburua da kontsumo eredu jasangarri bat bultzatzea, eta hori lortze aldera ekimen eta hitzarmen ezberdinak sustatuko ditugu", gehitu du.
Ingurumen arloan, bestalde, udalerriko hiru natur parkeri garrantzia ematea izango da lehentasuna. "Etxezarretako lorategi eta ibilbideen berreskuratze plan proposamena gauzatzeari helduko diogu eta datozen urteetan Monterron eta Santa Barbara parkeak birpentsatzeko txanda izatea nahi dugu", dio Morrasek.
Kirol azpiegituren berritzea, luzerako
Morrasek baieztatu du kirol azpiegitura berrien obrak ez direla 2024an hasiko; bai, ordea, horiek egiteko proiektuen erredakzioa. Lehena, Iturripekoa izango da. "Proiektua egon bazegoela uste bagenuen ere, Gobernura heldu ginenean proiekturik ez zegoela konturatu ginen. Beraz, proiektua egin eta lizitatzeko 2024 osoa beharko dugu".
Halaber, kirol azpiegitura handiak eginda egoteko "urteak" beharko direnez, mantenu eta konponketa inbertsio berriak ere egingo dituztela dio alkateak. "Batzuk aipatzearren, 841.000 euro atletismo pista berritzeko eta 520.000 euro, Mojategiko argiteria aldatzeko. Azken honen kasuan, LED sistemadun argiak ezarriko dituzte. Gainera, "azken urteetan ez bezala" , kirol klubei dirulaguntzak handituko dizkiete 2024an.
Sormen beka bat abiarazteko asmoa
Kulturari dagokionez, "urrats berriak" egin eta sormen beka bat abiarazteko asmoa agertu du Gobernuak.
Horrez gain, Amaia antzokiari lotutako ustezko eraberritzearen proiektua idazteko partida ere jaso dute proposamenean. "Abenduan zehar jasoko dugu txosten teknikoa, eta orduan jakingo dugu interbentzioaren beharra eta honen nondik norakoak". Edozelan ere, aurrera begira, antzokia "hilabete luzeak" itxita egotea aurreikusten dute.
Emakume Txokoaren kokaleku berria
Feminismoa eta LGTB+ Sailari erreparatuta, Emakume Txokoaren kokaleku berria definitzeko proiektura 20.000 euro bideratuko lituzke Gobernuak eta partida berri bat egongo litzateke "Arimazubiko lokala egokitu eta Emakume Txokoan sortu diren emakume taldeek haien jarduerak gauzatzeko", azaldu du Eva Abuinek, Saileko zinegotziak. Horrez gain, 2024an Emakume Txokoak berak egiten dituen jarduerek 120.000 euroko partida izango lukete. Azkenik, sorkuntza feminista lantzeko bekarako 10.000 euro egongo lirateke eta beste horrenbeste emakumeen memoria lantzeko.
Lehen aldiz, LGTB+ politiketan "urrats esanguratsuak" egingo dira Arrasateko Udalean. "Lehenengo pausua, diagnosia egitea eta formazio tekniko eta politikoa eskaintzea izango dira. Kolektibo honek herrian bizi duen egoera aztertu eta datozen urteetarako ekintza plana osatzen hasiko gara", adierazi du Abuinek. Halaber, kolektiboaren memoria historikoa jasotzeko beka bat ere irekiko dute.
Belaunaldiartekotasunari dagokionez, aurre-nerabeen aisialdi zerbitzu berria martxan jartzeko 50.000 euroko partida aurreikusi dute eta 9-12 urte bitarteko haurren beharrak identifikatzeko diagnosi txostena egiten ari direla ere jakinarazi dute. "Musakolako gaztetxokoa berriz martxan jartzeko diru partida bat egongo da eta gaztetxearen konponketa, mantentze eta saneamendu obrak egiteko 50.000 euro aurreikusi ditugu".
EAJrekin, "sintonia onean"
Joseba Ezpeleta Ogasun batzordeko buruak azaldu du talde guztiei ireki dietela aukera ekarpenak egiteko, baina soilik EAJk aurkeztu dituela proposamenak. "Sintonia onean aritu gara azken egunotan negoziazioetan eta haiek egindako ekarpenak aurrekontu proposamenean islatuta daudela uste dugu. Sozialisten ekarpena, berriz, hutsala izan da".
Legegintzaldi planaren aurkezpena, urtarrilean
Azkenik, aurrekontuko proiektu guztiak "legegintzaldi planaren oinarri" izatea nahi du Gobernuak, "etorriko diren
proiektuen lehen urratsa, alegia". Alkateak dio "lan egiteko modu ordenatu" baten isla dela hori.
Plan hori amaitzen ari direla diote eta urtarrilean egingo dutela aurkezpena. "Aurreikusita genuen legegintzaldi plana moldatu behar izan dugu. Izan ere, Udalean aurkitu dugun egoera ez da izan espero genuena; proiektu batzuk garatuak zeudela uste genuen, eta ez da hala izan", dio alkateak.