Jessica Reis portugaldarrak irabazi du 30. Arrasate Hiria nazioarteko akordeoi lehiaketa

Jokin Bereziartua Lizarazu 2023ko abe. 10a, 21:19

Abenduko zubia akordeoiari lotuta dago Arrasaten aspalditik, eta aurtengoa ez da salbuespena izan. Hauspoz elkarteak antolatzen duen jaialdien eta lehiaketen barruan, nazioarteko Arrasate Hiria saria da preziatuena, eta 2023koa Jessica Reis (Portugal, 2002) akordeoilari gazteak irabazi du. Gaur egun Donostiako Musikenen goi mailako akordeoi ikasketak egiten ari da Reis.

Gaur iluntzeko sari banaketa galarekin amaitu ziren egubakoitzean hasitako Arrasate Hiria nazioarteko XXX. lehiaketa eta XLIII. Gipuzkoa akordeoi-lehiaketak, haur, gazte eta senior mailetan.

Reis saria jasotzen, Arrasateko alkate Maider Morrasen eskutik.

Reis izan da onena aurten

Esandako moduan, Jessica Reis izan da XXX. Arrasate Hiria nazioarteko lehiaketako garailea. Lehenengo fasean 7 nazionalitatetako 12 partaidek jo dute, Espainia, Serbia, Ukraina, Frantzia, Portugal, Txina eta Errusiakoak, zehazki. Bertan, akordeoirako originala den haien aukerako obra bat eta Louis Aguirre konpositore kubatarraren Les Masques de Neige piezaren bi mugimendu interpretatu behar izan dituzte.

Epaimahaikideak nazioartean ospe handia duten Iñaki Alberdi, Ander Telleria, Na Song, Stefan Hussong, Heidi Luosujärvi eta Pascal Contet izan dira eta zortzi lehiakide aukeratu dituzte finalerako. Horien artean, lehiaketa irabazi duen aipatutako portugaldarra.

Reis, txapeldun izendatu osteko pieza jotzen.

Gipuzkoako lehiaketak

Ohitura denez, Gipuzkoa mailako ere ospatu dira asteburu osoan zehar. Adinaren arabera hiru kategoriatan sailkatu dira: haur maila, gazte maila eta senior maila.

Epaimahaikideek honako jotzaileak saritu dituzte: haur mailan lehenengo saria Urtzi Larrabeitik eskuratu du; bigarren saria Laura Cabo Rodriguezek; eta hirugarren saria Alexia Maria Ileak. Gazte mailan lehenengo saria Hegoi Bértolo Sancetek eskuratu du; bigarren saria, Martie Sainz Elorzak; hirugarrena Andoni Gonzalez Iparragirrek. Azkenik, senior mailan, Gipuzkoa Lehiaketako mailarik altuenean, lehenengo saria Ibon Asua Iratxetak eskuratu du; bigarren saria Teodor Marinovek; eta hirugarren saria Gabriel Dominguezek.

Gazteen arteko akordeoiarekiko zaletasuna, "une onean"

Gainera, zapatuan, XXXV. Gipuzkoa Akordeoi Jaialdia ere antolatu zuen Hauspozek. EAE eta estatu osoko 246 ume eta gaztek haien irakasleekin prestatutako lana erakusteko aukera izan zuten egun osoko egitarau aberatsean. Gipuzkoa Akordeoi Jaialdia izaera ez lehiakorreko jaialdia da, ikasleek publiko aurrean eta beste jotzaileen aurrean lehen emanaldiak jotzeko aukera; bakarkako 7 maila eta 5 talde kategoria ospatu ziren. Aipatu beharra dago, Hauspoz elkarteak adierazi duenez, parte hartzea asko hazi dela lehiaketetako kategoria guztietan: "Gazteen akordeoiarekiko duten zaletasuna une onean dagoen seinale da", adierazi dute.

Lehiaketa eta jaialdiez gain, ekitaldi ugari antolatu ditu Hauspozek asteburuan; egubakoitzean harrera egin zitzaien parte hartzaileei Arrasateko Udaletxean.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak