Arrasate Hiria Nazioarteko XXX. lehiaketako eta XLIII. Gipuzkoa Akordeoi-Lehiaketako Senior kategoriako kanporaketa-faseekin hasi da, Hauspoz elkarteak antolatutako 2023ko Arrasateko Akordeoi Jaialdia. Lehenengoa, 9:00etan Amaia Antzokian burutu da eta bigarrena, Kulturaten izango da 15:00etan, biak parte hartzaile kopuru altuarekin.
Arrasate Hiria Nazioarteko Lehiaketako kanporaketa-fasean 7 nazionalitatetako 12 partaide lehiatu dira: Espainia, Serbia, Ukraina, Frantzia, Portugal, Txina eta Errusiakoak. Epaimahaikideak nazioarteko jaialdirik garrantzitsuenetan aritu diren eta ospe handiko kontserbatorio eta unibertsitateetan klaseak ematen dituzten 6 akordeoilari izan dira, Euskaditik Iñaki Alberdi eta Ander Telleria.
Ongi etorria
Eibarko Musika-Eskolako akordeoi ikasleek herriko kaleak euskal musikaren doinuz bete ostean eman diote ongi etorria herriko udaletxean, lehiaketako parte hartzaile eta epaimahaikideei. Herriko txistulari eta dantzariek eskainitako ohorezko Agurrak ireki du ongi etorri ekitaldia, eta ondoren Maider Morras, Arrasateko alkateak eta Hauspoz elkarteko lehendakari Arantza Agirrek hartu dute hitza. Beraien esker ona azalduz, ongi etorria eman die bertaratutako guztiei, eta udaletxean bertan prestatutako lunch-era gonbidatu dituzte.