ALBISTEAK

Grebari atxikimendua erakusteko manifestazio jendetsua, euripean, Arrasaten

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko aza. 30a, 20:31

Arrasateko kaleak aldarriz eta aterkiz bete dituzte, euripean, greba feminista orokorra borobiltzeko egin duten eskualdeko mailako manifestazioan. Utzi zaintzak pribatizatzeari, zaintzarekin negoziorik ez lelopean egin dute.

Bi adar eduki ditu manifestazioak, izan ere, batzuk Maiatzaren 1a plazatik abiatu dira eta beste batzuk, berriz, Debagoieneko ospitaletik. Biteri plazan elkartu dira biak eta manifestazio jendetsua iritsi da Herriko Plazara. Han, hainbat manifestu irakurri dituzte, plaza lepo beteta zela.Arrasateko Denon Bizitzak Erdigunean asanbladako kideak oso pozik azaldu dira deialdiak izan duen atxikimenduarekin. "Ikusi besterik ez dago plaza nola bete den, euriari aurre eginez. Poza izan da halako grebarekiko erantzuna eta atxikimendua ikustea herriaren aldetik", azaldu du Itsaso Ruiz de Larrinagak, Arrasateko Denon Bizitzak Erdigunean asanbladako kideak.

Jendez lepo bete da Arrasateko plaza.

Egun osoan zehar greba feminista orokorrak izan duen erantzunarekin ere gustura agertu dira, gaurtik indartuta atera direla nabarmenduz. "Indartuta atera gara. Uda aurretik hasi ginen lanketarekin eta uda ostean berrekin diogu, beraz, nahiko gorabeheratsua izan da. Hala ere, herriaren erantzunak indarrak ematen dizkigu, esanguratsua izan da gaurkoa", gaineratu du Nahia Arnaizek, Arrasateko Denon Bizitzak Erdigunean asanbladako kideak.

Edozelan ere, argi utzi dute gaur ez dela ezer amaitzen, eta aurrera begirako lanketa martxan dutela. Hala, hausnarketarako baliatu dute arratsaldea. "Zaintza sistema publikoaz hitz egiten dugunean, aurrera begira gaude. Hau da, prozesuaren hasieran esan genuen greba eguna ez zela helburua, baizik eta herri akordioan dauden aldarrikapenak lortzea. Beraz, horren inguruan hausnartzen aritu gara". 

Manifestazioan zehar zabaldu duten pankarta.

Arrasatekoaz gain, Bergaran, Oñatin eta Eskoriatzan ere egin dituzte manifestazioak arratsaldean.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak