ALBISTEAK

Mobilizazioekin bete dira bailarako herrietako kaleak

Iñigo Barrena Kortabarria 2023ko aza. 30a, 16:14

Greba feminista orokorraren oihua ozen entzun da Debagoiena osoan zehar goizean goizetik. Ekintza eta mobilizazio ugari antolatu dituzte herri bakoitzeko talde edo eragile feministek, zaintza eskubide kolektiborako aldarria egite greba egunean. Goizean egindako piketeek paso eman diete kalejira-manifestazio ezberdinei, denetan ere euria protagonista. Horrek ez du ekidin jendea kalera irtetea.

Arrasaten Seber altube plazan ekin diote kalejirari zaintza gune ezberdinetan gelditzeaz gain, herritarrei grebaren inguruko informazioa banatzen aritu dira ibilbidean zehar. Oñatin ere plazatik hasi den eta Olakua auzoraino luzatu den kalejora-manifestazioan. geldialdiak egin dituzte zaintza guneetan hainbat ekintza burutzeko. Hain zuzen, zaintza sektorea ezagutzeko helburuarekin egin dute manifestazioa. "Ulertzen dugu gizartearen sektore batentzat ezaguna izan daitekeela, esaterako, pertsona nagusien kargu baldin bazara edo adin txikikoen kargu bazara ezagutzen duzu ze egoera eta lan baldintza dituzten; baina jende asko dago errealitate hori ezagutzen ez duena, batez ere, gizonezkoak edo gazteak garenak, eta, hain zuzen, gaurko kalejira errealitate hori ezagutzeko eta ikasteko egin dugu" adierazi du Jone Arrazola Oñatiko greba batzordeko kideak.

Aretxabaletan egun guztian grebara batzeko deia egin duten goizean plazan eta ondoren hirugarren adinekoen egoitzara abiatu dira bertan zaintza lanetan dihardutenei babesa erakusteko. Bitartean, Eskoriatzan, burrundararekin hasi dute eguna, honek paso eman dio herriko plazan gosari kolektiboari eta ondoren zaharren egoitzara abiatu dira bertako langileekin topaketa egiteko. Aurreskua eta besarkada kolektiboa egin dituzte. Eskoriatzako mugimendu feministatik funtsezkotzat jo dute gaurko eguna, zaintza eskubide kolektiboaren helburua lortzeko eta zaintzan diharduten etorkinen egoera hobetzeko ere. "Gabezia asko daudela salatu nahi dugu eta emakume etorkinak ere oso egoera larrian daudela ikustaraztea da nahi duguna, horretan aurrerapausoak eman behar direla jakiteko" azpimarratu du Axun Badiola Eskoriatzako Mugimendu Feministako kideak.

Manifestazio jendetsua Bergaran

Antzuolan ere gosariarekin hasi diote egunari, egurdi aldera iritsi diren elkarretaratze eta manifestazioei paso emateko. Elgetan esaterako manifestazio zaratatsua deitu diote Mendizaleen Plazatik abiatu dutenari. Herri guztietan jende ugari batu da kaleetan zehar, baina seguruenik bergarakoa izan da jendetsuena. San Martin plazatik ekin diote manifestazioari, pribatizazioaren eta merkantilizazioaren aurka, zaintza lanetan eta sektore feminizatuetan baldintza onartezinetan bizi diren emakumeen eskubideen alde egiteko, eta, aldi berean, egungo sistema mantentzen dutenei ardura eta erantzukizuna exijitzeko. Greba egun bakarra izanik ere argi dute borrokak aurrera jarraitu beharra duela. "Urte luzeetan zehar hausnarketa prozesu bat izan da eta gaurkoa inflexio puntua izango dela ere jakitun gara. Hemendik aurrera borrokak jarraitu egingo du, balorazio bat egingo da eta ea guztion artean herri akordio hori lortzerik dugun" adierazi du Andrea Gonzalez Bergarako Nesak Gazteak taldeko kideak. Bergarako Bizitzak Erdigunean plataformako kide den Beñat Loidik berriz, "Euskal Zaintza Sistema Publiko Komunitarioa eraiki arte" lanean jarraituko dutela gaineratu du.

Arratsaldean ere manifestazioak

Goizeko ekintzen ostean arratsaldekoen txanda iritsiko da. Arrasaten goizean plazan egin dute elkarretaratzea, baina arratsaldekoa eskualde mailako manifestazioa izango da. 18:00etan abiatuko da eta bi hasiera puntu izango ditu: ospitalea eta Maiatzaren 1a plaza. Ondoren, 18:15etan biak Biteri plazan batuko dira manifestazioarekin jarraitzeko. Oñatin berriz, 18:30etan hasiko da manifestazioa Foruen Enparantzan, eta, Bergaran, berriz, arratsaldeko 19.00etan San Martin Plazatik abiatuko da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak