Udalatx deiadarka ari da, babes eske

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko abe. 1a, 08:53

Udalatx, ura eta atxa dokumentala aurkeztu du asteon Besaide Mendizale Elkarteak eta abenduaren 16an estreinatuko dute Mendi Film Festivalen, Bilbon; egun berean, gainera, Amaia antzokian bi aldiz ikusi ahal izango da, 18:00etan euskaraz eta 19:00etan gaztelaniazko azpitituluekin.

Udalatxek bere baitan gordetzen dituen balio historiko, kultural eta naturalak aitortzeko helburuarekin jaio da Udalatx, ura eta atxa dokumentala. 2021ean ekin zioten proiektuari, zuzendari eta ekoizle lanetan aritu den Eñaut Iturberen esanetan. "Aspalditik genuen zerbait egiteko ideia hori buruan. Duela urte batzuk, Aralar parke naturalari balioa emateko dokumental bat egin zuten eta eredu ona izan da guretzat. Gainera, pandemiaren ondorioz, ohiko irteerak bertan behera gelditu ziren eta une hori aprobetxatu genuen dokumentalari forma ematen hasteko". Momentu horretan, Iban Ayesarekin egin zuten topo, kameran eta errealizazioan aritu den arrasatearrarekin. "Beti ibili izan naiz naturan eta mendi artean eta, arrasatearra naizenez, banuen gogoa Udalatxi buruzko ikus-entzunezko bat egiteko. Besaideko Aitor Zubiaga laguna dut eta komentatu zidan haiek ere antzeko zerbait egitekotan zirela. Hala egin genuen lehen harremana eta martxan jarri ginen", dio Ayesak.

Balio aitortu eta babesteko

Udalatxi balioa eman gura dio lanak, Iturberen esanetan. "Mendigune aberats batean bizi gara eta inguruko mendi garrantzitsu gehienak parke natural aitortza dute, Udalatxek izan ezik. Beraz, hari balioa emateko lan bat da, gizakion begirunea behar duela aldarrikatzekoa. Izan ere, mendeetan zehar, harriek, mineralek, altzairuak eta burdinak estali dute Udalatx, barrutik zein kanpotik. Parke naturala izatera helduko balitz, ondo legoke guretzat, baina, bestela ere, babesa behar duela aldarrikatu gura dugu", nabarmendu du.

Mendi baten hitzak geroari

Ikus-entzunezkoan, Udalatxek lehen pertsonan kontatzen du nola jaio zen. "Jakina da Euskal Herrian lehen gizakiak Udalatxen magaletan ibili zirela, eta horren erakusle dira Lezetxikiko aurkikuntzak. Horrekin batera, dokumentalak kontatzen du mendeetan zehar nola erabili izan diren hark eskaintzen zituen askotariko baliabideak. Gaur egun, oraindik bizirik jarraitzen du, eta bere baitan bioaniztasun zabala du", dio Iturbek. "Halaber, hainbat adituren ahotsak jasotzen ditu lanak. Haiek dute jakintza eta horrek, konfiantza emateaz gain, laguntzen du Udalatxen balioak ondo ulertzen". Honako hauek dira: Asier Hilario geologoa; Markel Arriolabengoa baso ingeniaria; Alvaro Arrizabalaga arkeologoa; Anabel Ugalde historiagilea; Ugutz Basauri geologoa; Mikel Velasco artzaina; Martin Arriolabengoa irakaslea; Ekaitz Aranburuzabala (Besaide); eta Naiara Corcuera (Ingurumen Eskola).

Arrasatear guztientzako interesa du

Iban Ayesa, dokumentala grabatzen, Arrasate atzean daukala.

Ayesak azpimarratu du Udalatx "ikur bat" dela eta dokumentala ikusteko dei egin die arrasatearrei. "Arrasatear guztientzako interesa duen lana da eta, beraz, ikustera animatuko nituzke. Seguru nago Udalatxi buruzko gauza asko ikasiko dituztela", adierazi du.

Talde-lanaren fruituak

Zuzendari lanetan aritu den lehen aldia izan da Iturberentzat, eta elkarrizketak eta grabatu beharreko irudiak koordinatzen eta guztia antolatzen aritu da. "Hala ere, nabarmendu gura dut lantalde zabala aritu garela eta talde izaera horri balioa eman gurako nioke. Udalatxek lehen pertsonan berba egiteak, esaterako, nortasuna ematen dio dokumentalari eta irismen hori Oihan Zubizarretari esker izan da. Hark lagundu du gidoiari eta narrazioari forma ematen. Horrekin batera, Peru Altube eta Xabi Agirrezabala musikarien lana ere funtsezkoa izan da, dokumentalerako soinua sortu dutelako eta hainbat musikarirekin grabatu. Soinuak pisu handia hartzen du dokumentalean". Ayesak ere lantaldearen indarra azpimarratu du. "Oso erraza izan da elkarlana. Eñaut eta biok lan handiena egin dugun arren, jende asko aritu da, bakoitza berean, lanean, eta hori nabaritzen da emaitzan".

Lehentasuna: mezua helaraztea

Emaitza txukuna dela aitortu du Iturbek. "Gure helburua izan da 40 minututik ez pasatzea, mezua herritarrengana iristeko eta entretenigarria izateko. Esentzia da kontatu duguna, muina, baina horrek dakar gauza asko kontatu barik utzi behar izatea. Adibidez, Asentzioko ermitari buruz ez da ezer aipatzen eta garrantzi handia du. Era berean, Udalatxeko burdinari buruz entziklopedia bat egin daiteke eta oso gainetik aipatzen da".

Mendi Film Festivalen

Jaialdiko sail ofizialean egongo da dokumentala eta "sorpresa" izan da Besaidekoentzat. "Badugu harremana haiekin eta jaialdian aurkezteko aukera planteatu genien. Baina ez genuen uste sail ofizialean sartuko zutenik eta hori oso pozgarria izan da guretzat. Mendi Film Festivalek nazioarteko oihartzuna du eta gure mezua etxekoendako izan arren, ahalik eta gehien zabaltzea garrantzitsua da".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak