Urriko azken asteburuan irekiko dute Amaia antzokia, ondo bidean

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko urr. 17a, 18:39

Irailean antzokiko halleko sabaia erori ostean, konponketa lanak hasi dituzte dagoeneko eta urriaren 27ko astebururako irekitzea da Udal Gobernuaren asmoa. "Edozelan ere, segurtasun neurri guztiak bermatzen ez badira, ez dugu zabalduko", azaldu du Kepa Urteagak, Urteaga Auzoak eta Obrak, Zerbitzuak eta Mantenua Saileko zinegotziak.

Antzokiko halleko konponketa lanen baitan, sabaiko sei plakak desmuntatu dituzte dagoeneko eta udal elektrikariak argiztapena konpontzen ari dira egunotan. Lan horiek hiru egunean bukatzea aurreikusten dute eta ondoren, antzokiko garbiketa orokorra egingo dute.

Halaber, halleko eskudelak berrituko dituzte, sabaiko plakak horien gainera erori baitziren, eta eskudelen azpiko kristalak ere berriak jarriko dituzte. Azken horiek neurrira egin behar izaten dituzte eta denbora luzeagoa beharko dute lan hori amaitzeko. Bitartean, edukiera murriztua izango du antzokiak eta 400 pertsonarendako lekua egongo da, behin-behinean. "Segurtasuna bermatzeko eta, beharra balego, ebakuazio egoki bat bermatzeko, edukiera murriztuarekin irekiko dugu antzokia, eskaileren eskumako aldetik bakarrik sartu ahal izango baita publikoa", azaldu du Urteagak.

Edukiera murriztuarekin bada ere, antzokia irekitzeko moduan egongo dira, "ez bada aparteko ezustekorik", eta urriaren 27ko asteburuan izango dira lehen ekitaldiak. Batetik, hilaren 28an, Migratzaileak dantza ikuskizuna, Aukeran dantza konpainiaren eskutik, 19:30ean. Bestetik, ohiko zinema emanaldiak ere izango dira hilaren 29an, 30ean eta 31n.

Edozein modutan, Urteagak garbi utzi gura izan du, "segurtasun neurri guztiak bermatzen ez badira", ez dutela Amaia zabalduko. 

Hurrengo pausoak, txostenaren araberakoak

Era berean, kanpoko enpresa batek, aste honetan esleituko dutenak, "txosten garatuago" bat landuko du, antzokiaren egoera orokorra nolakoa den aztertzeko: itoginak, paretetako hezetasunak, koadro elektrikoaren egoera eta abar. "Aurrera begira egin beharreko esku-hartzeak zeintzuk izango diren zehaztuko du txostenak". 

Hala ere, txosten hori egiteko bi hilabete eta erdiko aurreikuspena dute eta, Gabonak bitartean, udal teknikariek baloratuko dute edukiera mugatuarekin jarraitu ala edukiera osora pasa.

Udalak antolatutako ekintzez aparte, beste hiru ekitaldi daude aurreikusita, berez edukiera osoa beharko luketenak: Gala lirikoa, Nazioarteko Akordeoi Lehiaketa eta bakarrizketa saio bat. "Kanpoko eragileek antolatzen dituzte ekintza horiek eta haiekin adostu beharko dugu nola egin, antzokian momentu horretan dagoen edukieraren arabera", azaldu du zinegotziak. Era berean, udazkenean egin ohi duten zarzuela 2024 hasieran egingo dute, "urtarril edo otsailean".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak