Amaia antzokia itxita eta egitaraua bertan behera

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko ira. 14a, 10:49

Halleko sabaiaren zati bat erori egin da eta, Udal Gobernuak adierazi duenez, epe motzean, gutxienez, itxita egongo da antzokia. Ondorioz, programatutako egitaraua bertan behera geratuko da, oraingoz.

Amaia antzokiko egitaraua bertan behera geratuko da, gutxienez, epe laburrean. Izan ere, joan den egubakoitzean halleko sabaiaren zati bat erori egin zen eta, ondorioz, antzokia itxita dago gaur-gaurkoz. "Zoritxarrez, kalte handia da baina, zorionez, gauez izan da eta inor ez du azpian harrapatu", azaldu du Kepa Urteagak, Auzoak eta Obrak, Zerbitzuak eta Mantenuak saileko zinegotziak.

Halaber, ez daukate garbi sabaia zeren ondorioz erori den. "Aztertzen ari gara euriak eragindako kaltea izan den edo estrukturala ote den", dio Urteagak. 

Udal Gobernuak txosten bat eskatuta du, antzokian dauden kalte guztien azterketa orokor bat jasoko duena. Txosten hori hilabete inguruko epean jasoko du Gobernuak eta horren araberakoak izango dira hurrengo urratsak. "Ikusiko dugu antzokia epe motzean irekitzeko moduan izango garen ala epe oso luzerako kontua izango den. Segurtasuna bermatu badaiteke, irekiko dugu, baina bestela ez".

Txostenak argituko du esku-hartzeak hallean bakarrik egin beharko diren edo antzoki osoan. Edozelan ere, kontuan hartu behar da antzokiaren paretetan hezetasun handia dagoela eta horiek ere konponketa behar dutela. Halaber, antzezlekuan bertan, atzeko aldean eta koadro elektrikoetan ere esku-hartzeak egin beharko dituztela aurreikusten dute.

Amaia antzokiko pareta, hezetasunak janda.

Lehen kalteak, ekainean

Ekaineko kalteen ostean, hainbat azterketa egin dituzte, antzokian itoginak zerk eragin zituen jakiteko eta konponbidea ematen saiatzeko. Lan horien baitan, abuztu erdi inguruan, udal ordezkariak eta teknikariak ohartu ziren halleko sabaiaren zati bat erortzen hasia zela. Hala, joan den egubakoitzean ziren hori konpontzekoak eta egun horretan hara joan zirenean, zati bat erorita aurkitu zuten. Sei plaka daude halleko sabaian eta horietako bi dira erori direnak –bakoitzak bi tona pisatzen ditu–. 

Bi tonako bi plaka dira sabaitik erori direnak.

Batzuk bertan behera, besteak atzeratuta

Irailaren 24rako, esaterako, Lamov konpainiaren Tempus fugit dantza emanaldia zegoen programatuta, baina bertan behera geratuko da. Halaber, irailaren 29an, Punkaren beste aldea dokumentala estreinatzekoa zen Perlata taldea, Jesusi Etxeberriaren omenezkoa, baina atzeratu egingo dute. Bestalde, irailaren 30ean, Gazte Tour emanaldiaren baitan, Mirua eta Nhil taldeek eta Kiliki Fresko DJak kontzertua egingo dute Monterronen eta, euria egin ezkero, Amaia antzokira ziren lekualdatzekoak, baina ezin izango dute. Beraz, Juan Arzamendi Musika Etxea izango da B plana. Azkenik, zinema emanaldi guztiak ere bertan behera geratuko dira.

Amaia antzokian egin ohi dituzten emanaldiak lekualdatzea izango da Gobernuaren erronketako bat, eta Juan Arzamendi Musika Etxea edota Kulturate izan daitezke aukeretako batzuk. Hala ere, badira alternatiba zail duten ikuskizunak, zarzuela, esaterako.

Azken urteetako mantenu falta

Amaia antzokiak 50 urte bete ditu aurten eta duela 20 urte egin zituzten azken konponketa orokorrak. "Azken zortzi urteetan, urtero eskatu izan dugu konponketak egitea eta eraikinean inbertitzea, baina minimoa bakarrik egin da. Hau da horren ondorioa eta hori salatu gura dugu", azaldu du Urteagak. Azkenik, herritarrei pazientzia eskatu die zinegotziak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak