Amaia antzokian "esku-hartze garrantzitsuak" egin beharko dituzte ia seguru

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko eka. 19a, 15:07

Domeka arratsaldeko ekaitzak gogor kolpatu zuen Arrasate. Euskalmetek herrian duen estazioan 25,8 litro metro karratuko erregistratu ziren eta horietatik ia 15 litro ordubetean bota zituen. Horrek hainbat kalte eragin zituen, bereziki Amaia antzokian.

Kepa Urteaga Arrasateko Udaleko zinegotziak adierazi duenez, Amaia antzokiko teilatuak bi aldetarako jauzia du eta hainbeste urekin, berezko teilatu-hodiak gainezka egin zuen. "Horren ondorioz, urak bere bidea aurkitu zuen eta paretatik hasi zen jaisten, etxearen aurka dagoen paretatik".

Era horretan, eskuineko hormaz gain, agertokia bera, komunak, leihatila eta kuadro elektrikoa ere kaltetu zituen urak. Orain, kalteak zenbaterainokoak izan diren aztertzea dagokio alkate kargua hartu berri duen Maider Morrasen lantaldeari eta Urteagak aurreratu duenez, seguruenik, "esku-hartze garrantzitsu" bat egin beharko dute antzokian. "Urte askotan esan izan dugu antzokiak bazuela konponketa batzuen beharra, agerikoa zelako. Ez da gauza berria eta kexa dezente eduki izan ditugu honen kontura. Beraz, lehenbailehen hasi beharko gara konpontzen".

Euria egiten duenetan, B plana izan ohi da Amaia antzokia hainbat emanalditarako eta, kalteen ondorioz, denbora batez ezin izango dute erabili. Orain, gainera, sanjuanak hastear daude eta hainbat ekintza egongo dira aire librean. "Zorionez, uda dator eta ez dugu hainbeste behar edukiko eta, behar denetan, Uarkape erabili beharko dugu", dio Urteagak.

Amaia antzokian ez ezik, Kulturate eraikinean eta zenbait garajetan ere sartu zen ura eta Uribarri eta Musakola auzoak ere kaltetu zituen. Azken horretan, erretiratuen etxean sartu zen ura eta hango erabiltzaileek azaldu dute, gainera, ez dela lehen aldia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak