Sozialistek ere tasak eta zergak izoztea proposatu dute

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko ira. 25a, 10:58

Jeltzaleek egin moduan, sozialistek ere agerraldia egin dute, 2024ko ordenantza fiskaletarako duten proposamena jakinarazteko. Funtsean, zergak eta tasak ez igotzearen alde agertu dira. Urriaren 3ko osoko bilkuran landuko dute gaia.

Sozialistek EH Bilduri eta Podemos Arrasateri eskatu diete "aprobetxa" dezatela aurreko Gobernuak utzitako "egoera ekonomiko ona" bizilagunen ongizatea bermatzeko. "Egungo Udal Gobernuaren proposatzen dituen igoerak neurrigabeak dira. Herritarrek gehiago ordaindu beharko dute udalak eskaintzen dituen zerbitzuengatik", dio Aritz Muruak, zinegotzi sozialistak.

Hala, batetik, Ondare Higiezinen Zerga dagoenetan uztea gura dute. "Tasak bizitzaren kostuarekin igotzearen aurka gaude erabat, elikaduraren, erregaien eta abarren prezioen igoerarekin", adierazi du Muruak.

Bestetik, kiroldegirako banakako sarreren prezioa jaistea eskatu dute, abonatuta ez dauden herritarrentzat. "Sarrera-prezioak jaistean, edukiera igotzea lor daiteke, eta ez da kontuan hartzen sarrera hori erosten duen pertsonaren diru-sarreren maila". Halaber, erroldatuta daudenek eta erroldatu gabe daudenek prezio bera ordaintzea defendatzen dute.

Energia berriztagarrien aldeko apustua

Eguzki-plakak jartzen dituzten eraikinei tasen % 90-95eko dirulaguntza proposatu dute, "katastroko balioa alde batera utzita". Gainera, udalerri osoko egoiliar guztientzako TAOren prezioa parekatzeko eskatu dute –lehen ibilgailuagatik 30 euro eta bigarrenagatik 65 euro–. Johanna Sanchez zinegotzi sozialistak hala adierazi du: "Ez gaude ados herritarrei zuzenean kalte egiten dieten tasak igotzearekin, eta EH Bilduren eta Podemosen Gobernuaren bilketa-grina salatzen dugu, familien eta enpresen ekonomiak are gehiago itoko baititu".

Era berean, ibilgailu hibridoei eta elektrikoei hobariak aplikatzea proposatu dute sozialistek, eta Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zergan (EIOZ) %95eko hobaria ezartzea jarduera berrien eta titulartasun-aldaketen kasuan, "merkataritza, ostalaritza eta belaunaldi-erreleboa erraztuz".

Sistema "progresiboago" bat gura dute

Sozialisten ustez, zergek eta tasek hobetzeko tartea dute sistema "bidezkoago eta progresiboago" bat eratzeko, "non gehien dutenek ekarpen handiagoa egingo duten eta errenta txikienak eta biztanleria-sektore ahulenak babestuko diren".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak