Arrasateko Udalak 4,5 milioi eurotik gorako soberakina izan zuen 2022 urtean, "joera makroekonomiko onagatik eta lortutako dirulaguntza ezberdinak medio", jeltzaleen esanetan. Hori dela eta, uste dute Udalak nahikoa baliabide dituela zerga eta tasak igo gabe herritarrei zerbitzu ona ematen jarraitzeko. "Herritarrei inflazio momentu honetan karga ez areagotzeko aukera izanda, egokiagoa ikusten dugu zerga eta tasak izoztea, igoerarik ez aplikatzea".
Guraso bakarreko familiendako hobariak
Halaber, hiru bloketan batutako hobariak proposatu dituzte. Batetik, guraso bakarreko familiei zuzendutakoak. Horien kasuan, honako prezio hauek ezartzea proposatzen dute: haurrak 6 urte izan arte abonuaren prezioak igerileku edo lehorrekoen kasuan, Arrasaten erroldatuek 140,30 euro eta ez erroldatuek 168,40 euro; plusean (gune lehorra eta hezea, biak barne hartzen dituen abonua), berriz, erroldatuek 210,60 euro eta ez erroldatuek 252,70 euro; udako abonuan, erroldatuek 70,10 eta ez erroldatuek, 84,20 euro; haurrak 6 urtetik gora duenean aldiz, igerileku edo lehorrekoetan 182,10 euro (erroldatuak) eta 218,60 euro (ez erroldatuak); plusean 273,35 euro (erroldatuak) eta 328,05 euro (ez erroldatuak); udako abonuan, 90,95 euro (erroldatuak) eta 109,75 euro (ez erroldatuak).
Horren harira, zera nabarmendu dute jeltzaleek: "Haurrek 6 urte izan arte, familiako abonuaren prezioak banakako heldu baten prezio bera izango luke familia hauentzat. 6 urteak bete eta gero, banakako heldu baten prezioari haurren abonuaren %50 gehituko litzaioke. Honekin uste dugu abonu justuago bat izango luketela familia hauek".
Merkataritza sustatzea helburu
Bigarren blokea merkataritza sustatzeko eskaintza izango litzateke eta, arlo horretan, eraikin, instalazio eta obren gaineko zergan %95eko hobaria proposatzen dute jeltzaleek, lehen aldiz irekiko diren komertzioetako obretarako. Halaber, irekiera berrientzat tasa hau salbuetsita egotearen aldekoak dira, bankuak edo multinazionalak ez diren kasuetan.
Trantsizio ekologikoren baitakoak ere bai
Azkenik, trantsizio ekologikoarekin zerikusia duten hobariak proposatzen dituzte. Hala, ondasun higiezinen gaineko zergan %50eko hobaria eskainiko lukete ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntuak dituzten eraikinetarako, betiere, homologatuak badaude. Era berean, eraikin, instalazio eta obren gaineko zergan %95eko hobaria eskainiko litzateke ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntuak jartzeko obretarako, betiere, homologatuak badira.
Azkenik, nabarmendu dute lanketarako proposamenak direla, "negoziaketarako eta adostasunera iristeko abiapuntua".