Batzordeak osatu eta soldatak zein dietak onartuta, Udal Gobernu berriak hasi du bidea

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko uzt. 13a, 20:12

Gaur, eguena, egindako osoko bilkuran zehaztu dituzte 2023-2027ko agintaldirako Udaleko batzorde informatzaile orokorrak, baita zinegotzi liberatuen soldatak ere –EH Bilduko bost zinegotzi eta EAJko bat–. Halaber, EAJko hiru zinegotzik kargua utzi dute: Maria Ubarretxenak, Jon Apraizek eta Asier Muxikak.

Ezohiko deialdian batu da gaur udalbatza, besteak beste, 2023-2027ko agintaldirako Udaleko batzorde informatzaile orokorrak osatzeko, osoko bilkuren maiztasuna zehazteko eta zinegotzi liberatuen soldatak onartzeko.

GOIENAk joan den astean aurreratu zuenez, hamahiru batzorde egongo dira agintaldi honetan: Auzoak eta Obra, Zerbitzu eta Mantenua (Kepa Urteaga); Hirigintza, Trantsizio Ekologikoa eta Mugikortasuna (Garazi Etxeberria); Kultura (Andoni Arratibel); Kirola (Asier Murguzur); Ogasuna (Joseba Ezpeleta); Pertsonak eta Udal Langileak (Kepa Urteaga); Euskara (Joseba Ezpeleta); Ongizatea (Jasone Giraldo); Feminismoa eta LGTBI+ (Eva Abuin); Tokiko Ekonomia eta Enplegua (Jaime Bengoa); Hezkuntza (Jasone Giraldo); Belaunaldiartekotasuna (Gladys Fernandez); eta Bizikidetza (Jasone Giraldo).

Batzorde bakoitza, era berean, bederatzi kidez osatuta egongo da: EH Bilduko lau, EAJko hiru, PSE-EEko bat eta Elkarrekin Arrasateko bat. Bestalde, udal taldeak finkatzeaz gain, talde bakoitzeko bozeramaileak ere zehaztu dituzte. Hala, Kepa Urteaga izango da EH Bildu taldeko bozeramailea; EAJ-PNV taldeko bozeramailea, berriz, Ander Garay; PSE-EE taldekoa, Aritz Murua; eta Elkarrekin Arrasate taldekoa, Eva Abuin.

Sei zinegotzi liberatu

Udalbatza osatzen duten 21 zinegotzien dietak eta liberatuen soldatak ere onartu ditu udalbatzak. EH Bilduko lau zinegotzik liberazio osoa izango dute eta batek, berriz, %60koa. Modu horretan, honako hauek izango dira liberazio osoa izango dutenak: Maider Morras alkateak 62.448,83 euroko ordainsari gordina izango du urtean eta Kepa Urteaga lehen alkateordeak, Garazi Etxeberria bigarren alkateordeak eta Jasone Giraldo hirugarren alkateordeak, 43.650,87 euroko ordainsari gordina –Tokiko Gobernu Batzordeko kide dira laurak–. Halaber, Auzoetako zinegotzi eta Tokiko Gobernu Batzordeko kide Mikel San Migelek %60ko jardunari dagokion 26.190,52 euroko ordainsari gordina jasoko du urtean. Bestalde, EAJko bozeramaile Ander Garayk ere liberazio osoa izango du, urtean 43.650,87 euroko ordainsari gordinarekin.

Arduraldi esklusiboa edo partziala ez duten zinegotziek, aldiz, honako ordainketa hauek jasoko dituzte parte-hartzeagatik: Batzorde Informatzailera eta Bozeramaileen Batzordera joateagatik, 90 euro –bilera bakoitzeko–; eta osoko bilkura eta Tokiko Gobernu Batzar bakoitzeko, 140 euro.

Horrez gain, komunikazio arduradun bat kontratatzeko puntua ere onartuta geratu da, urtean 43.650,87 euroko ordainsari gordina izango duena. Hori kontuan hartuta, jeltzaleek salatu dute EH Bilduren Udal Gobernua orain artekoa baino "%30 garestiagoa" izango dela eta "koherentzia falta" egotzi diete, "aurreko Gobernuak baino 60.000 euro gehiago" gastatuko baitituzte liberazioetan. "Alkatearen soldata urtean 9.000 euro gordin jaisten bada ere, beste liberatu bat gehitzen du eta konfiantzazko aholkulari bat izango du Gobernu berriak, guk ez dugu antzeko kargurik izan", adierazi du Ander Garayk, EAJren bozeramaileak.

Gaineratu du "ulertezinak" iruditu zaizkiela azken zortzi urteotan "EAJ-PNVk jasandako erasoak eta irainak" Udal Gobernuan jasotako ordainsarien inguruan. "Orain, arrasatearroi %30 gehiago kostatuko zaigun Gobernua eratu du EH Bilduk. Oposizioan egon direnean gauza bat esan dute eta Gobernuan, kontrakoa egin. Koherentzia falta da", nabarmendu du Garayk.

Taula bat ere argitaratu dute, konparazioa egiteko:

Taula: Arrasateko EAJ.

EH Bilduren bozeramaile Kepa Urteagak zera erantzun dio: "Gure partetik, behintzat, ez duzue irainik jaso. Soldatei dagokienez, guk beti argudiatu izan dugu pertsonengan egiten ditugula inbertsioak eta horri erreparatuta, kargu politikoetan %55 liberazio gehiago jartzen dugu. Gainera, ez duzu esan, baina alkatearen soldata %15 jaitsi da. Duela lau urtetik hona KPIa %15 igo da eta zinegotzi guztien soldatan %8ko igoera aplikatuko dugu, KPIaren azpitik".

Sozialisten bozeramaile Aritz Muruak salatu du EH Bilduk konpromisoa hartu zuela Gobernuko kideen dietak jaisteko eta oposiziokoenak, igo. "Baina ez da horrela izan eta inork ez digu azalpenik eman. Dieta horiekin ezin dugu behar den moduko oposiziorik egin".

Hiru zinegotzi aldaketa

Ekainaren 17an karguaren zina egin eta hilabete eskasera karguari uko egin diote EAJko hiru zinegotzik: Jon Apraizek, Asier Muxikak eta azken zortzi urteetan alkate izan den Maria Ubarretxenak –Aldundiko Bide Azpiegituretako diputatua da orain–. Modu horretan, eta aldaketak aho batez onartu ostean, jeltzaleen zerrendan bederatzigarren, hamargarren eta hamaikagarren zeudenek ordezkatuko dituzte Udalean: Ibon Arrupek, Amaia Zeziagak eta Xabier Arrizabalagak, hain zuzen. Kargua utzi duten zinegotziak ez dira egon gaurko osoko bilkuran.

Garayk esker hitzak izan ditu joan diren hiruendako, baita zinegotzi kargua hartu dutenendako ere, "Arrasateren alde lan egiteko konpromisoagatik".

Hileko lehen martitzenean

Modu berean, osoko bilkuren aldizkakotasuna ere zehaztuta geratu da, eta hilabeteko lehen martitzenetan egingo dute, 18:00etan hasita. Gobernua eratu eta batzordeetako zinegotziak izendatu ondoren, herriko talde eta eragileekin bilerak hasiko dituztela nabarmendu dute Udal Gobernutik.

Iluntz tabernako terrazaren harira

Gobernu aldaketa dela-eta, ordaintzeke zeuden hainbat gastu ordaintzea onartu du udalbatzak, besteak beste, Chambao eta Mikel Erentxunen kontzertuetakoak ( 24.200 euro eta 21.780 euro, hurrenez hurren). Horrekin batera, Frantziako Tourra pasatzeko, Iluntz tabernako terraza desmuntatu behar izan zuten eta gero berriz muntatu (6.550,94 euro guztira).

Azken horrek zeresana eman du, izan ere, Ander Garayk adierazi du legez kanpo egin zaiola ordainketa tabernari eta haiek ezin diotela baiezkorik eman horri, kontu-hartzailearen txostenaren arabera. Maider Morras alkateak zera erantzun dio: "Legez kanpokoa izango balitz, uste duzu egingo genukeela?". Gaineratu du EAJren eta PSE-EEren Gobernuaren ideia izen zela Tourra herrigunetik pasatzea eta haiei zegokiela ordainketa hori egitea. "Ez zenituzten etxeko lanak egin eta guk egin behar izan ditugu, horixe da guztia".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak