ALBISTEAK

Gobernu akordioa sinatu dute EH Bilduk eta Elkarrekin Arrasatek

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko uzt. 5a, 14:15

Bi aldeek "arduraz eta konpromisoz" hartu dute Arrasateko Udala gobernatzeko eginkizuna. "Gobernuan sartzen garen alderdi eta ordezkariok elkarlanean lan egingo dugu eta elkarrekiko errespetuz jardungo dugu", azaldu du Maider Morras alkateak.

"Elkarlanean eta jarrera eraikitzailean oinarritutako proiektua" garatu nahi dute EH Bilduk eta Elkarrekin Arrasatek. Era berean, Gobernuaren barnean zein kanpo eragile eta herritarrekin lan egiteko moduari garrantzia berezia eman nahi diote. Azaldu dutenez, Tokiko Gobernu Batzordea izango da Udal Gobernuko erabakiak hartzeko espazioa eta bi alderdietako ordezkariak izango ditu. "Gai estrategikoetan, Tokiko Gobernu Batzordea gaindituko duten adostasunak bilatzeko borondatea izango dugu".

Gaineratu dute osatuko duten Gobernuak "Udalaz gaindiko parte-hartzea bultzatzeko konpromisoa" hartuko duela. Halaber, Udal Gobernuaren baitan jarrera sexistarik ez eduki eta ez onartzeko konpromisoa ere hartu dute, baita "ustelkeria kasu edota boterearen erabilera pertsonalik" ez egitekoa ere.

Hamahiru sail izango ditu Udalak

Orain arte moduan, alkatetzaz gain, hamahiru sail izaten jarraituko du Arrasateko Udalak, baina badira ezberdintasunak. Honako hauek izango dira sailak: Auzoak eta obra, zerbitzu eta mantenua; Hirigintza, trantsizio ekologikoa eta mugikortasuna; Kultura; Kirola; Ogasuna; Pertsonak eta Udal Langileak; Euskara; Ongizatea; Feminismoa eta LGTBI+; Tokiko ekonomia eta enplegua; Hezkuntza; Belaunaldiartekotasuna eta Bizikidetza.

Udal Gobernua, bestalde, hala osatuta geratuko da:

Alkatetza eta alkateordeak:

  • Alkatea: Maider Morras Azpiazu.
  • Lehen alkateordea: Kepa Urteaga Garcia.
  • Bigarren alkateordea: Garazi Etxeberria San Miguel.
  • Hirugarren alkateordea: Jasone Giraldo Menendez.
  • Laugarren alkateordea: Eva Abuin Bideburu.

Batzordeak eta batzordeburuak:

  1. Auzoak eta obra, zerbitzu eta mantenua: Kepa Urteaga Garcia.
    1. Auzoetako arduraduna: Mikel San Miguel Merino.
  2. Hirigintza, trantsizio ekologikoa eta mugikortasuna: Garazi Etxeberria San Miguel.
  3. Kultura: Andoni Arratibel Garcia.
  4. Kirola: Asier Murguzur Bolinaga.
  5. Ogasuna: Joseba Ezpeleta Irizar.
  6. Pertsonak eta udal langileak: Kepa Urteaga Garcia.
  7. Euskara: Joseba Ezpeleta Irizar.
  8. Ongizatea: Jasone Giraldo Menendez.
  9. Feminismoa eta LGTBI+: Eva Abuin Bideburu.
  10. Tokiko ekonomia eta enplegua: Jaime Bengoa Madina.
  11. Hezkuntza: Jasone Giraldo Menendez.
  12. Belaunaldiartekotasuna: Gladys Fernandez Urizar.
  13. Bizikidetza: Jasone Giraldo Menendez.

Auzoak eta obra, zerbitzu eta mantenua

Azaldu dutenez, auzoetako ezaugarri eta behar propioei erantzuteko lan egingo du Gobernuak: "Auzoetako zinegotzi bat jarriko dugu, auzoekin zuzeneko komunikazioa izateko batzordeak antolatuko ditugu eta zeharlerro gisa landuko ditugu bertatik jasotako informazio, behar eta proiektuak".

Hirigintza, trantsizio ekologikoa eta mugikortasuna

Hirigintzatik "balio eraldatzaileen mesedetan" lan egingo dutela adierazi dute, auzoetako irisgarritasuna hobetzeko azpiegitura berriak egin eta etxebizitza-zerbitzu publikorako bulegoa martxan jarriz.

Mugikortasun arloan, TAOk beharrezko dituen hobekuntzak egingo dituztela aurreratu dute eta "autobus sare duinak" jarriko dituztela martxan (autobus lineen berrikuspena, ibilgailuen berritzea). Halaber, autobus geltokiaren inguruko lanketa egiteko konpromisoa ere hartu dute.

Azkenik, trantsizio ekologikorako laguntza bulegoa abiatuko dutela ere esan dute.

Kultura

Kultur eragileak eta sortzaileak Arrasateko bizitza kulturalaren protagonista izateko lan egiteko konpromisoa hartu dute bi aldeek, baita "kultur eskaintza zabala, anitza eta deszentralizatua" garatzekoa ere: "Diziplinak, adinak, auzoak, espazioak eta abar".

Kirola

Kirol azpiegiturak berrizteko lanak antolatu eta gauzatuko dituztela adierazi dute, "azpiegitura zehatzetatik kanpo, herrian eta naturan ere kirola garatzeko aukerak sortuz".

Ogasuna

Arlo fiskalean, progresibitatea izango da zerga politika markatuko duen norabidea, "ikuspuntu birbanatzailea eta progresiboa landuz", ahalmen ekonomiko gehien duenak ahalegin ekonomiko handiagoa egin behar du gutxien duenaren mesedetan.

Aurrekontuari erreparatuta, berriz, udalgintza herrigilea hartuko dute oinarri eta gobernantza kooperatiboan sakonduko dute. "Erdigunean aurrekontu parte-hartzaileak jarri beharrean, herri proiektuak edota legegintzaldiko planak jarriko ditugu martxan, eta proiektuka funtzionatuko dugu".

Pertsonak eta udal langileak

Interinitate tasa jaitsiko dutela ere esan dute, "legeak baimentzen duen gehiena, eta hutsik dauden lanpostu estrukturalak betez".

Euskara

"Mugimendu euskaltzaleak behar duen arnasberritzearen eragile eta hizkuntza politika egokien sustatzaile" izango direla nabarmendu dute, "euskararen plan integrala garatuz eta euskara zehar lerro izateko lana eginez", Udaletik barnera eta kanpora.

Ongizatea

Zaintza eta etxeko langileentzako eta kontratatzaileentzako aholkularitza eta bitartekaritza zerbitzua sortzeaz gain, zaintza lanak egiten dituzten enpresen klausulak berrikusi eta beste eredu batzuk sortzeko aukera aztertuko du Gobernu berriak.

Feminismoa eta LGTBI+

Emakume Txokoaren kokaleku berrirako eta eraldaketarako proiektua garatzeko konpromisoa hartu dute bi aldeek. Gainera, LGTBI+ ildoa txertatu gura diote, Txoko Feminista bilakatuz. "Horrez gain, feminismoa Udalean zehar lerro izateko lan egingo dugu eta horretarako batzorde guztiak ordezkatuta egongo diren mahai bat osatuko dugu, sail bakoitzaren berdintasun planak eta irizpideak baloratu, berrikusi eta plan estrategikoa garatzeko".

Arrasateko eragile feministekin elkarlanean herri feminista eraikitzeko ituna sustatuko dute Udaletik.

Tokiko ekonomia eta enplegua

Garai berrietara egokitzeko bitartekoak jartzeko konpromisoa hartuko dute EH Bilduk eta Elkarrekinek: "Lehen sektorean, transmisioa eta hau garatzeko bitartekoak jartzen lagundu; bigarrenean, eraldaketa energetikoan inplikatu eta elkarlanean soluzioak bilatu; hirugarrenean, tokiko merkataritza eta ostalaritza berraktibatzeko eta babesteko ekimenak egingo ditugu".

Hezkuntza eta belaunaldiartekotasuna

Udal Eskola Kontseilua martxan jarriko dute eta hezkuntza formal eta ez formaleko eragileen, elkarteen eta familien elkarlanetik Arrasaterako proiektu hezitzailea garatuko dutela ere aurreratu dute, gizarte kohesioan "urrats esanguratsuak" emateko konpromisoa hartuta. "Besteak beste, Arrasateko haur eta nerabe guztiek hezkuntza ez formaleko eskaintzetan parte hartzeko aukera izan dezaten lan egingo dugu. Gazte politikak berrikusi eta nagusien kontseilua sortuko dugu".

Bizikidetza

Azkenik, Bizikidetza Batzordearen inguruko hausnarketa bat sustatuko dute, "oinarri komun berritu bat jarri, egiteko ditugun lanak identifikatu eta lan lerro honetan emateko ditugun urratsak guztion adostasunarekin eman".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak